Joan den mendeko 20ko hamarkadan kokatu du istorioa zuzendariak, Espainia hegoaldean, eta, amaorde ezin gaiztoago baten hatzaparretatik ihesi, ipotx toreatzaile talde baten babesean topo egingo du Edurnezurik zoriontasunarekin eta bere aitaren akorduarekin.
Prentsaurrekoan, zuzendariak esan du "maratoi baten modukoa" izan dela filma egiteko dirua lortzea, inork ez baitzuen proiektuan sinesten. "2005ean aurkeztu nion filma ekoiztetxeari, eta lehen orrialdean zera jarri nuen: mutua izango da, eta zuri-beltzean filmatuko dut". Hortaz, argi utzi nahi izan du ez dela izan The Artist (2011) arrakastatsuaren abaroan sortutako ideia bat. "Halere, haren arrakasta onuragarria izan da guretzat". Ipuin batean oinarrituta egonagatik, "fantasia" egitea ez da izan Bergerren intentzioa. "Egiazkotasuna eta emozioa transmititu nahi izan ditut, istorioari errealismoa emateko". Maribel Verduk jokatu du amaordearen rola, eta Macarena Garciak Edurnezuri gaztearena.