Ziudadela Gourmet jardunaldi gastronomikoarekin hasiko da Ciudadelarte 2014 egitasmoa, ostiralean. “Baionarekin lantaldean egin ditugu aurten jardunaldi gastronomikoak”, azaldu du Silvia Azpilikueta Iruñeko Udaleko Enplegu, Merkataritza eta Turismo saileko zuzendariak. Nafarroako hamabi ekoizle eta Baionako hamar artisauk parte hartuko dute, eta igandera arte izango dira Ziudadelan. “Gainontzeko jardueretan ere aktiboki parte hartuko dute Baionako ekoizleek”, gaineratu du. Dastatzeak, produktuen salmenta, tailerrak eta zuzeneko sukaldaritza saioak antolatu dituzte udarako. Baionan ere izango da halakorik. Abuztuaren 15, 16 eta 17rako Harresi Gastronomikoak jardunaldiak prestatu dituzte, eta, besteak beste, dastatzeak eta produktuen salmenta izango dira.
Musika ere nagusi izango da bi harresietan. Jazz, fusio, flamenko eta dantza ikuskizunak izango dira abuztu arratsaldetan Ziudadelan. Asteartetan izango dira jazz emankizunak, eta, besteak beste, Alberto Arteta Group eta Tommy Caggiani Therion Project izango dira. Flamenco on fire zikloa, berriz, ostegunetan izango da, Baluarten. Sara Baras, Tomatito eta Pepe Habichuela eta Josemi Carmona musikariak igoko dira oholtza gainera. Baionan ere hainbat kontzertu izango dira udan. Giuseppe Verdiren Aida opera antolatu dute abuztuaren 17rako; 21:15ean izango da, Poternan, doan. Abuztuaren 29an, berriz, Kalakan taldea arituko da.
Harresietan dantzan
Ekitaldi horiek antolatzen diren hirugarren urtea da; iaz, ia 35.000 lagunek parte hartu zuten Iruñean. Aurten, Harresia Kandelen Argitan eta Harresia Dantzan zikloak mantenduko dira. Abuztuko hiru ostiraletan (8, 15, 22) Guadalupeko Baluartean gaueko hamarretan aireko eta dantza bertikalaren nazioarteko erakustaldiak eskainiko dira. Aurretik, Baobab dantza taldea dantzatuko da, eta DJ bat ere arituko da. Delreves konpainiaren Repite conmigo, eVenti Verticali taldearen Wanted,eta Circo Delicia konpainiaren Cantare Volare ikuskizunak izango dira ikusgai.
Harresiak ezagutarazteko, Ostiralak Harresian zikloa antolatu dute Baionan. Bi ibilbide egingo dituzte, eta ondoren bi kontzertu izango dira ostiralero. Iruñeko harresia, berriz, milaka kandelek argituko dute abuztuko lau larunbatetan. Argiztatutako ibilbideko hainbat postutan jan-edana eskainiko dute 21:00etatik gauerdira arte. Nafarroako jatorri izena duten ardoak, freskagarriak eta bertako produktuekin egindako pintxoak dastatu ahal izango dira, egunero bi musika taldek jotzen duten bitartean.
Ekitaldi guztiak Fortius proiektuaren barnean garatuko dira, zeinaren helburua Iruñeko eta Baionako harresi ondarea mantentzea den. “Hiru helburu nagusi ditu proiektuak: gotorlekuak berriztatu eta ondarea mantendu, negozio aukerak eta zerbitzuak gehituz; harresien balio turistikoa handitu, eta Iruñearen eta Baionaren arteko lankidetza eta harresien inguruko ezagutza sustatu”, azaldu du Maria Caballero Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi delegatuak.
Iruñeko Udalak baloratu egin du bi hirien arteko kolaborazioa, eta era berean mintzatu da Yves Ugalde Baionako Udaleko Kultura eta Senidetzetako zinegotzia: “Baionarentzat oso garrantzitsua izan da proiektu honen parte izatea”. Proiektuari esker, bi hiriak “helmuga turistiko osagarriak” izatea nahi dute.