Literatura

'Harri txintxolak' liburua plazaratu du Jean Louis Davantek, olerkigintza klasikoaren bidetik

'Harri txintxolak' izeneko poesia liburua aurkeztu du gaur Jean Louis Davant (Ürrüstoi-Larrabil, 1935) idazle eta euskaltzain zuberotarrak. Olerkigintza klasikoa da bilduma horren oinarri, bai forman, bai edukietan: bertso librea salbuespeneterako lagaz —Bitoriano Gandiagari eskainitako poema kasu—, sonetoak eta antzeko forma klasikoak aukeratu ditu. Tematikari dagokionez, poesioan beti jorratu diren gaiei eutsi die: sorterriari, urtaroei, lagunei zein heriotzari. Elkar argitaletxeak plazaratu du Davanten liburua.

2003ko azaroaren 5a
17:25
Entzun
Aipatu bezala, sorterria da Davantek darabilen gaietako bat; Zuberoari, zein Euskal Herriari eskainitakoak biltzen dira atal horretan. Baina bada alderik: Euskal Herria gogoan hartuta idatzitakoak euskara batuan idatzi ditu —bilduman ageri diren beste ataletakoak bezala—, baina, aldiz, Zuberoaren gainekoak, zubereraz. Nolanahi ere, olerkia idazteko euskara baliagarriago zaiola adierazi du Davantek: "olerkia errazago idazten dut euskara batuan, edozein euskalkitik hartzeko aukera ematen didalako eta aberastasun handiagoa aurkitzen dudalako. Zubereraz erregistro mugatuagoa dugu», aitortu du.

Liburuko beste atal bat heriotzari buruzko poemek osatzen dute, eta horien artean, nabarmentzekoak dira hamasei euskaltzain eta idazle lagun zenduri eskainitakoak: besteak beste, Jose Mari Satrustegiri, Bitoriano Gandiagari, Aita Villasanteri, Federiko Krutwigi, Piarres Larzabali eta Gabriel Arestiri.

Molde klasikoan idatzitakoak dira olerki horietatik gehienak, baina Bitoriano Gandiagari eskainitakoarekin salbuespena egin du Davantek, bertso librean idatzi baitu: «Olerkiaren hasierak baldintzatzen nau beti eta Gandiaga Mendateko menditar gogorra gisa definitzen hasi behar nuen. Horrekin ezin da soneto bat egin», agertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.