Indarkeria matxista

Harvey Weinstein erruduntzat jo dute, 'Me Too' mugimendua abiatu zuen epaiketan

Bi sexu delitu egitea egotzi diote Hollywoodeko ekoizle boteretsuari, tartean bortxaketa. Aitzitik, absolbitu egin dute akusaziorik larrienetik, zeinagatik bizi osoko kartzela zigorra zuen jokoan.

Harvey Wenstein zinema ekozile estatubatuarra epaitegira sartzen, New Yorken. MIKE NELSON / EFE
Berria
2020ko otsailaren 24a
18:59
Entzun

Weinsteinen jarrera abusatzaileen inguruko zurrumurruek lehenik eta salaketek ondotik piztu zuten Me Too mugimendua duela bi urte, The New York Times egunkaria eta The New Yorker aldizkaria Wensteinek hamarkadatan egindako sexu abusuak zehaztasunez argitaratzen hasi baitziren. Ordutik, bata bestearen atzetik joan dira irtenez ekoizleak sexu abusuak egin zizkiela salatu duten emakumezko aktoreak: Angelina Jolie, Gwyneth Paltrow, Asia Argento, Ashley Judd, Patricia Arquette, Rose McGowan... 90tik gora ere izateraino.

Auzitegietara heldu zen kasua, eta New Yorkeko fiskaltzak haren aurkako prozesua abiatu zuen. Hala, bost delitu egitea egotzita epaitu dute, eta horietako birengatik zigortu dute azkenean: lehen graduko sexu delitu batengatik eta hirugarren graduko bortxaketagatik. Absolbitu egin dute, ordea, "predaziozko sexu eraso" karguetatik —delitua akusatuaren jarrera naturalaren ondorio dela azaltzeko erabiltzen den termino legala da—.

Egozten zizkioten bost delituak ondorengoak ziren: lehen graduko sexu delitu bat; bi bortxaketa, lehen eta hirugarren gradukoak; eta beste bi delitu “predaziozko sexu erasoagatik". Guztiak ukatu ditu ekoizleak, eta bere errugabetasuna defendatu du uneoro epaiketan. Sexu harremanak “baimenduak” izan zirela argudiatu du.

Kondenaren berri martxoaren 11n emango du James Burke epaileak. Gehienez, 29 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Hori epaiketa honi dagokionez. Beste bat ere zain baitauka duela ez askora arte Hollywoodeko gizonik boteretsuenetako bat izan denak. Los Angelesen (AEB) izango da epaiketa hori, bigarrengoa.

2017ko urrian, Hollywoodek Akademiatik Weinstein kanporatzeko erabakia hartu zuen. Honako hau adierazi zuen ohar bidez orduan: «Hau ez dugu egiten soilik bere kideen errespetua merezi ez duen horrengandik aldentzeko, baizik eta gure industrian, sexu predatzaileen jarreren inguruko berariazko ezjakintasunaren eta konplizitate lotsaemangarriaren aroa amaitu dela adierazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.