Clarence Clemons The E Street Band taldeko saxo jotzailea hil zenetik sortu duen lehen diskoa da Wrecking Ball. Clemons lagun mina zuen Bruce Springsteenek, eta haren galerak asko eragin ziola adierazi zuen hil ondorenean. Zer pentsatua emango zion hurrengo lana sortzeko orduan. Diskoari izenburua ematen dion Wrecking Ball eta Land of Hope and Dreams kantuetan Clemonsen saxo soinua agertzen da.Atzo plazaratu zen mundu osoan Springsteenen lan berria; Columbia etxearekin argitaratu du, beste behin ere. Disko berriaren inguruko informazioa tantaka-tantaka zabaldu du The Bossen manager eraginkor eta aztiak, John Landauk. Ordea, informazio horietako bat modu traketsean zabaldu zen hasieran. Lan berria The E Street Bandekin grabatuko zuela zabaldu zen, baina ez da horrela izan. The E Street Bandeko musikari batzuek parte hartu dute, baina baita Seeger Sessions Band taldeko beste batzuek ere— Pete Seegerren bertsioekin osaturiko lan hura grabatzeko alboan izan zituenak—, eta baita beste musikari solte batzuek ere: Tom Morello gitarra jotzaileak (Rage Against the Machine), Matt Chamberlain bateria jotzaileak (Pearl Jam) eta Greg Leisz-ek (pedal steel-ean), esaterako. Estudioko hamazazpigarren lana du Wrecking Ball, eta Ron Aniello izan da produkzio arduraduna. Springsteenekin lehen aldiz lan egin du Aniellok, aurrez haren emazte Patti Scialfaren bakarkakoak ekoitzi izan baditu ere. Springsteenek azken hamar urteetan izan duen sonoritatea laburbiltzen saiatu da Aniello, horrek dituen aldeko eta kontrako alderdi guztiekin.
Hitz engaiatuak
Eraikin zaharrak, egitura arkaikoak eraisteko erabiltzen diren bola erraldoiak —inertziaren bidez— dira wrecking ball-ak. Ez da kasualitatea krisi garaiotan bolaren irudi hori erabili izana Springsteenek. Diskoaren sorreraren inguruan hitz egitean hiraz, haserreaz dihardu Springsteenek, «familien etxeak, lanak eta autonomiak txikitu dituen finantza hondamendiaz». 2008an eta 2009an Ameriketako Estatu Batuetan lehertu zen krisi ekonomikoaz ari da Springsteen, «inork ez zuen hartu ardurarik, eta horrek faila moduko bat eragin zuen, sistema estatubatuarra erdibitu zuen».
Jakina da Springsteenek beti erakutsi duela sentiberatasun ezkertiarrago bat, langile klasetik gertu sentitu izan duela bere burua, nahiz eta sentiberatasun hori musikaren bidez soilik erakutsi izan duen. Salbuespenik izan da, ordea. Barack Obama AEBetako presidentetzarako aurkeztu zen hauteskunde kanpainan parte hartu zuen zuzenean. Springsteenen We Take Care of Our Own kantua erabili zuen Obamak hauteskunde kanpainan,besteak beste.
Kantu horrexek zabaltzen du, hain zuzen ere, disko berria. Gaur egun, Springsteenek ez du erreparo handirik Obamaren lana kritikatzeko: «Nik nahi nukeen baino gertuago egon da korporazio handietatik. Aktibismo handiagoa ikusi nahiko nukeen enpleguaren sustapenean, eta hipoteka maileguen gauzatzeen inguruan sorturiko dramaren kudeaketan, eta horrek ekarri duen guztiaren inguruan». Gisa horretako gogoetetatik sorturiko haserreak eragindako diskoa da Wrecking Ball. Eta kantuetako hitz gehientsuenek agertzen dute egungo egoerarekiko eta «zenbait arduradunekiko» sumin hori. Lehen kantuan, zeinak Geuk zaintzen dugu geure burua esannahi duen, galdera bat egin eta alarma piztu nahi du, Springsteenen beraren hitzetan: «Hori gertatu behar zen, baina ez da gertatu. Amets amerikarraren eta errealitatearen arteko distantzia zein den neurtzen nabil beti. Abesti horrek galdera jaurtitzen du, eta gainerako kantuak erantzuna ematen saiatzen dira».
Death to My Hometown kantuan hiri sinboliko baten heriotzaz hitz egiten da, zeinetan ez den «bonba eta diktadoreen beharrik» izan, lan zikina «putreek» eta «lapur zikoitzek» egin baitzuten, «gure familiak txikituz». Jack of All Trades-en, ildo berari jarraituz, «gizentzen ari den bankaria» aipatzen du, eta ondoren dio «mundu berri bat martxan» dagoela, eta aitortzen «pistolarik izanez gero» «sasikoak tirokatuko» lituzkeela.
Diskoa entzuten duenak rock eztanda moduko bat sentituko du lehen entzunaldian, erreferentzia politikoz eta zertzelada espiritualen batez jantzirik. Potentzian—erritmo indartsu eta markatuekin, gitarra eta baxu sendoekin, eta hitz engaiatuekin—. Baina, konpromisoa bezainbat, merkatua eta marketina ere neurtua den garaiotan, haserrealdia ere neurtua dela dirudi hein batean. Hitz horiek ez dira oztopo harmonizazio errazagoetarako, folk instrumentaziorako,ezta VictoriousGospel Choir Gospel taldearen kantuez hornitzeko ere. You've Got It kantuan berak estimatzen dituen soul kantari handiei omenaldia egiten die (Marvin Gaye, Al Green...).
Maiatzaren 13an hasiko du Europako bira, Sevillan (Espainia). Euskal Herrian ere izango da.Donostiako Anoeta futbol zelaian ariko da ekainaren 2an.
Haserrealdi neurtua
Bruce Springsteenek egungo egoera ekonomikoarekin kritiko den disko bat atera du, bere ibilbideko hamazazpigarrenaEkainaren 2an aurkeztuko ditu 'Wrecking Ball' lan berriko kantuak Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu