Donostiako nazioarteko 63. zinemaldia

Hasi da ofizialki 63. Zinemaldia

Amenabarren Regression filmak inauguratu du Zinemaldia. Film biribila ez izan arren zinemagile espainiarrak thriller psikologiko indartsua aurkeztu duela esan dute kritikari eta kazetariek. BERRIAk Zurriolako butaka zuzeneko saioa eskainiko du egunero 11:00etatik aurrera, Hamaika Telebista, Gaztezulo eta Irutxuloko Hitza-rekin elkarlanean. 

Alejandro Amenabar zuzendaria eta Fernando Bovaira ekoizlea, gaur, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko irailaren 18a
10:46
Entzun

Gaur hasi eta hilaren 26an amaituko da Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Alejandro Amenabarren Regression filmak eman dio hasiera, 21:00etan, Kursaalean. Inaugurazio ekitaldian, Zinemaldiaren antolatzaileek Pilar Olaskoagari eskaini diote aurtengo edizioa, hamarkadetan zinemaldiaren "ezinbesteko" parte izan zela nabarmenduta.

Zinemaldia ofizialki inauguratu aurretik eman dute kazetarientzat Amenabarren filma. Igor Susaeta BERRIAko kazetariaren ustez,  thriller psikologikoari ondo heldu dio zinemagile espainiarrak, baina emaitza ez da erabat borobila. "Hala ere, primeran asmatu du suspensezko giro itogarri-nahasgarri bat transmititzen, eta ikus-entzule dezente gorputz txarrarekin irten diren Kursaaleko auditoriumetik".

Gaueko inaugurazio ekitaldia Patxi Barco zinemagileak zuzenduko du, eta Mireia Gabilondok eta Cayetana Guillen Cuervok aurkeztuko dute. Euskal aktore gehiagok ere parte hartuko dute Kursaaleko gaurko ekitaldian, besteak beste, Barbara Goenagak eta Itziar Ituñok.

Jose Luis Rebordinos zuzendariak BERRIAri esan dio aurtengo Sail Ofiziala oso diferentea dela, aurreko urteetakoak baino "arrisku handiagoa" duela. Izan ere, Terence Davies eta beste zuzendari inportante batzuren lanak badaude, baina izen ezagun gutxiago daudela nabarmendu du Rebordinosek. Tartean dago Asier Altuna eta haren Amama euskarazko filma. Astelehenean eskainiko dute.

Amama-k baserriak irudikatzen duen antzinako mundu, ezagutza eta balioen eta gaur egungoaren arteko talka du abiapuntutzat. Tomasen eta Isabelen seme-alabek mundu zahar eta berriaren arteko gatazka biziko dute; nola ihes egin baserriari jakintzaren katea eten gabe, nola aukeratu bidea arbasoei traizio egin gabe. 

Aurten Donostia Sari bakarra emango du Zinemaldiak; Emily Watson aktoreak jasoko du, gaur zortzi. Zinemaldiko zuzendariaren ustez, Europan dagoen aktore "onenetako bat" da.

Zuzenekoa, egunero

BERRIAk zuzeneko saioa eskainiko du egunero 11:00etatik aurrera, Hamaika Telebista, Gaztezulo eta Irutxuloko Hitza-rekin elkarlanean. Zurriolako butakasaioan hainbat zinemagilek eta kritikarik parte hartuko dute. Gaur izan da aurreneko saioa:

[Youtube]https://youtu.be/xhhFN5hbuFQ[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.