Ezkutu samarrean egoten da beti Maite Sukia (Lazkao, 1981), ia anonimotasunean; ikus-entzuleen bista-bistan egoten da, berriz, Inaxio Usarralde (Aginaga, Usurbil, 1967), taula gainera igota. Bertso saioa hasi eta bukatu, zenbakien saltsan murgilduta ibiltzen da Sukia, eta Usarralderen ahotik ateratzen dira bertsolarien garuna sutan hasi aurreko azken hitzak. Bihar Oñatin jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako lehen saioa, eta, hiru hilabeteren ondoren, abenduaren 14an izango da finala, Donostian; tarte horretan, 48 bertsolari ariko dira lehian azken fasean, baina, txapelketek bidea egingo badute, ezinbestekoa izaten da epaileen eta gai jartzaileen lan zintzoa eta zorrotza.
Eta horretan nahikoa eskarmentu badaukate biek ala biek. "Ia nahigabe hasita", ataundarrak “hamar bat urte” daramatza epaile lanetan. "Nik betidanik izan dut bertsotarako zaletasuna, baina kasualitatez hasi nintzen epaile lanetan, lagun baten bidez. Bilera batera joateko eskatu zidan behin, nora nindoan argitu ere egin gabe, eta hala iritsi nintzen epaile izateko ikastarora".
Usurbildarrak, berriz, 30 urte bete ditu jada gai -jartzaile jardunean. "1989an sartu nintzen, lehen aldiz, gai-jartzaile taldean, Jon Lopategik Euskal Herriko Txapela irabazi zuen urtean. Garai hartan, Laxaro Azkune-eta ziren gure gidariak, eta sekulako miresmena sortzen ziguten". Usarraldek zehaztu du bertsotarako zaletasuna ez duela etxetik hartua. "Bai, Basarriren bertsoak betidanik entzun izan ziren gure etxean, sakratua zen hori, baina etxean ez nuen izan gidari lanak egin zizkidan inor. Istripuz-edo sartu nintzen mundu honetan, eta oso ingurune natural eta erosoarekin topo egin nuen".
Final-zortzirenetako lehen bi saioak gainean direla, tenple onean daude biak. "Badirudi asteburu honetan ekingo diogula txapelketari, baina sailkatze fasean ere aritu nintzen ni epaile lanetan, eta aspalditik gaude gu txapelketan sartuta. Dena den, fase bakoitzaren hasieran beti izaten da tentsio pixka bat, eta oraingoan ere badaukagu". Gai-jartzaile taldea ere "aspaldi" hasi zen gaiak biltzen. "Presiorik gabe, baina pixkanaka materiala sailkatzen. Erlaxatu samar ibiltzen gara aurretik, baina orain aldatu egingo da dinamika, eta hasteko desiatzen gaude".
"Oso lan kolektiboa da"
Bertsolarien gisan, euren helburuak eta erronkak izaten dituzte gai jartzaileek eta epaileek ere. "Bertso epaileek bezala, faseka lan egiten dugu guk ere, eta final-zortzirenetako zazpi saioak dauzkagu orain buruan". Usarraldaren hitzetan, saio horiek "ahalik eta orekatuenak" izatea dute erronka. "Eta horrek ematen digu lana bereziki; orekari eusteak eta rolak ez errepikatzeak. Azken fasearen atari hau letra txikiari begiratzeko momentua izaten da guretzat, lehenengo saioko gaiek eta puntuek asko markatzen baitute txapelketa".
Begiratu batean, oso bakarkako lana da bat-bateko bertso jardunean gaiak jartzea edo bertso bakoitza puntuz neurtzea. "Baina Bertsozale Elkarteak izugarrizko lana egin du eginbehar horiek kolektibizatzen eta ardurak gutxi batzuen esku ez uzten", azaldu du Usarraldek. Euskaltzaindiak antolatu zituen 1959ko, 1962ko, 1964ko eta 1967ko txapelketak, eta 1968tik 1990era bertan behera gelditu zen lehia.
1991koa izan zen Bertsozale Elkarteak antolatutako lehen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. "Eta bertsoz bertso puntuak jendaurrean erakustetik gentozen, pentsa! Gogorra zen hori, suizidioa. Elkarteak, gaur egun, ia-ia kotoi artean eramaten du gai jartzaile eta epaile taldea. Kolektibo baten gain gelditzen da lana, eta oso erosoa da hori". Datuei erreparatuta, aurten, guztira, hogei epaile eta idazkari ariko dira Gipuzkoako Txapelketan, eta hamabost gai jartzaile igoko dira taulara.
Erreportajea osorik irakurtzeko sartu Gizpukoako Hitza-n.