Jazzaren festa hastera doa. Eta ez du izango nolanahiko hasiera.B.B. King bluesaren erregeak joko du gaur, 21:30ean, Zurriola hondartzako Agertoki Berdean, Europako biran emango duen doako kontzertu bakarrean. 85 urterekin, bluesaren maisuak emanaldiak eskaintzen jarraitzen du: ez dira, antza, rock izarrak sekula hiltzen ez diren bakarrak. Antolatzaileek 40.000 entzule bilduko direla aurreikusi dute, hori dela-eta, neurri bereziak hartuko dituzte. Sarbideei dagokienez, 19:00etan itxiko dituzte batzuk, eta 19:30ean besteak. Bestalde, Donostiako auzoetara joatekoautobus bereziak antolatu dituzte, 02:00etara arte. Horrez gain, ezingo dira beirazko ontziak sartu kontzertu gunera.
Mende erdira hurbiltzen ari da Donostiako Jazzaldia, eta ez dira urteak alferrik pasatu. Asko handitu da jaialdia, eta azken urtetako joerari jarraituz, askotariko egitaraua egongo da astelehenera bitartean. Lau gunetan banatuko dira ekitaldiak: Zurriola hondartza (doako kontzertuen lekua), Kursaal aretoa, Trinitate plaza, eta San Telmo museoa, aurtengo berrikuntza.
Agertoki Berdea
Hondartzako gunea osatzen duten lau agertokiak dira jazzetik kanpoko proposamenak eskainiko dituztenak. B.B. Kingen ondoren, Staff Benda Bilili talde kongoarrak joko du gaur gauerdian Agertoki Berdean, Jazz Band Ballaren barruan. Poliomelitisak jotako gaixoez osatuta dago taldea, eta musika alaia eta bizia jorratzen dute. Jazz Band Ballen beste agertokietan, Aloe Blacc soul abeslaria, Tucson Jazz Institute Ellington Band eta Norvegiatik etorritako bi talde entzuteko aukera izango da. Sona hartzen ari den estilo horrek ez du inoiz huts egiten Donostiako Jazzaldira: aurtengo ordezkariak, Elephant 9 eta Elvind Aarset Sonic Codex Quartet izango dira. Bihar, Vivian Girls New Yorkeko rock taldea eta Dean Wareham (Luna, Galaxie 500) igoko dira hondartzako agertokira, eta etzi, electro-pop soinuak nagusituko dira, Crystal Fighters eta Cut Copy taldeen eskutik. Jackson Browne estatubatuarraren pop dotoreak itxiko du Agertoki Berdeko egitaraua, igandean.
Kursaaleko auditoriuma
Jazzaren itzala luzeagoa izango da dudarik gabe gainontzeko agertokietan. Bereziki barnealdea, Kursaaleko auditoriuma eta San Telmo museoa bihurtuko dira jazz zaleen gotorleku. Chick Corea izango da Kursaalean egongo den izen handiko musikarietako bat. Ez da bakarrik arituko, ordea. Stanley Clarke, Lenny White, Jean-Ponty eta Frank Gambaterin lagun dituela, bueltan da 70eko hamarkadan sortu zen Return to Forever talde entzutetsua, laugarren aldiz bere errautsetatik birsortua. Larunbatean emango dute kontzertua. Taldeak fusiozko jazza deiturikoa egiten du: gehienbat rockarekin nahasten dute jazza, beste estilo batzuetara joan-etorriak ahaztu gabe, Brasilgo musikara, adibidez.
Igandean, berriz, Hiromi pianista japoniarraren txanda izango da. Musikari gaztea, azken aldian jazzaren munduan sortu den izen aipagarrietako bat da, jaialdiko antolatzaileen arabera, eta Anthony Jackson eta Simon Philips izango ditu ondoan. Astelehenean, berriz, aho soinuaren doinuek beteko dute Kursaala. Aurten Donostiako Jazzaldiko Saria jasoko duen Toots Thielemans belgikarrak instrumentu hori jazzean txertatzen asmatu du, maisuki. 90 urteko musikariak urteak daramatza agertokiz agertoki, eta Charlie Parker, Ella Fitzgerald eta George Shearing bezalako artistekin aritua da.
San Telmo museoa
Arratsalde partean izango dira Kursaaleko kontzertuak. Denbora izango dute zaleek, beraz, San Telmoko emanaldiez ere gozatzeko, gauerditik aurrera hasiko baitira guztiak. Lehen bi egunetan hiru taldek joko dute, hiru gune desberdinetan —eliza, klaustroa eta patioa—, eta ia une berean—ordu laurdeneko tartearekin hasiko dira—. Lehenengo egunean, bihar, Lloyd Cole Small Ensemble, Kristin Asbornsen eta Mostly Other People Do The Killing arituko dira. Azken talde hori, Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinen hitzetan, «free jazzaren etorkizuna» da.
Free jazzetik post-boparen eta fusioaren eremura egingo du salto San Telmoko agertokiak ostiraletik larunbatera. John Scofielden gitarra soinuek emango dute horretarako beta. Eta harekin batera, John Scofied Quartet taldea osatzen duten Mulgrew Miller, Scott Colley eta Bill Stewart musikariek. Jang Bang eta Rene Mariek ere joko dute larunbatean. Bangek garatu du live remix kontzeptua, hau da, tresna elektronikoekin inprobisatzea eta ohiko instrumentuekin egindako musikarekin nahastea. Marieren kantuek, berriz, AEBetako jazzaren erreginen oihartzunak dituzte, baina tradizioa elementu modernoekin uztartuz.
San Telmoko zikloa Jan Garbarekek saxofoi jotzaileak itxiko du, museoko elizan. «Gaur egun zuzenean ikus daitekeen proposamen musikalik ederrenetarikoa» da, Miguel Martinen arabera. Jazza eta antzinako musika nahasten ditu Officium lanean, The Hillard Ensembleren laguntzaz.
Trinitate plaza
San Telmo museoa Jazzaldiaren mapan sartu izana «funtsezkoa» izan da jaialdiarentzat, Martinek adierazi duenez. Hala ere, Trinitate plaza izango da «agertoki izarra», haren ustez: «Trinitateko egitarauaren maila ikaragarria da, agian inoiz izan den altuena».Plazako taula zapaltzen lehenengoak Dave Douglas, Enrico Rava eta Avishai Cohen tronpetariakizango dira, ostiralean, Tea for 3 proiektuarekin. Atzetik, Abdullah Ibrahim pianista. Lehen ere izana da Ibrahim Jazzaldian, etazapore ona utzi du beti zaleen artean. Asteburuan plazako oholtzara igoko dira Medeski, Martin& Wood eta Soul Bop; John McLaughlin, Avishai Cohen Trio eta Cassandra Wilson abeslari ezaguna. Eta jaialdiaren hondarrean, ikusmina sortuko duten izenak izango dira gure artean: Cyndi Lauper eta Mavis Staples kantari beteranoek itxiko dute Trinitateko egitaraua, astelehenean. Girls Just Want to Have Fun, Time After Time eta antzeko abestiei esker famatu zen Lauper, eta orain bluesera jauzi egin berri du, Memphis Blues lana tarteko. Staples, berriz, erreferentzia ukaezina da gospelaren eta soularen barrenean.
Hastear da festa
B.B. Kingen kontzertuarekin hasiko da gaur Donostiako 46. Jazzaldia; bluesaren erregeak Zurriola jendez lepo betetzea espero daBerrikuntzen artean, San Telmo museoa agertoki gisa erabiliko dute aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu