Hasteko, hamar kontzertu

Gaur hasiko da Donostiako 71. Musika Hamabostaldia; egun osoan eskainiko dira emanaldiak, zazpi estreinaldi tartean

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Gaur joko dituzte Donostiako 71. Musika Hamabostaldiko lehen notak. Indartsu ekingo diote jaialdiari, gaur bertan hamar kontzertu eskainiko baitituzte orotara Donostiako hainbat lekutan. Horietatik zazpi erabateko estreinaldiak izango dira, lehen egunerako inoiz baino gehiago. Irailaren 3ra bitarte emango dituzten 80 kontzertuei ekingo diete horrela. Hamabostaldiko lehen eguneko ekitaldien xehetasunen berri eman zuten atzo jaialdiko arduradunek eta gaur ariko diren zenbait musikarik.

Eguerditik iluntzera, Donostiako hainbat agertokitan eskainiko dituzte kontzertuak. Hain zuzen, «Hamabostaldiaren zaporea hiri osora eramatea» da lehen eguneko xede nagusia, Patrick Alfaya jaialdiko zuzendariaren hitzetan.

Kursaal auditoriumean izango da eguneko kontzertu handia, iluntzeko zortzietan. San Petersburgoko Mariinski Antzokiko Orkestra Sinfonikoak ordezkatuko du jaialdiaren aurtengo ardatza, musika errusiarra. Izen handiko zuzendari baten agindupean ariko da orkestra, Valeri Gergiev laugarrenez etorri baita Donostiara kontzertu bat zuzentzera. Igor Stravinskiren hiru ballet ezagunenak jarraian gozatzeko aukera bakanenetakoa izango da orkestrarekin: Suzko txoria, Petruxka eta Udaberriaren sagaratzea eskainiko ditu, hain zuzen.

Isaac Albeniz konpositorearen mendeurrenaren harira, haren omenez pieza bana egiteko eskatu zien iaz Musika Klasikoko Jaialdien Espainiako Elkarteak hamabi musikariri, tartean, Gabriel Erkoreka bilbotarrari. Una Iberia para Albéniz izenburupean, haien lanak joko ditu Juan Carlos Garbayo pianistak, eguerdian, Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Agertoki berean eskainiko du bere emanaldia B3 taldeak, Jenny Guerrak (biolina), Carlos Apellanizek (pianoa) eta Davide Bandierik (klarinetea) osatutako hirukoteak, 18:00etan. Maite Aurrekoetxea, Massimo Botter, Jose Javier Peña-Aguayo eta Eduardo Morales-Caso konpositoreen lau obraren erabateko estreinaldia eskainiko du hirukoteak.

Hiru abesbatza egun berean

Easo abesbatza izango da eguneko beste protagonista nagusi bat. Zorroagako elizaren mendeurrenaren harira, bertan eskainiko du emanaldi nagusia, 20:00etan. Xalba Ralloren zuzendaritzapean, musikari errusiarren lanak eskainiko ditu abesbatzak, esaterako, Txaikovski, Txesnokov, Ratxmaninov eta Rimski-Korsakovenak. Abesbatzaren egoitzan, berriz, Jesus Guridi, David Azurza eta Xabier Sarasola euskal musikagileen lanak interpretatuko dituzte Araoz Gazte, Araoz Txiki eta Easo Txiki haur abesbatzek, 18:00etan. Iñigo Peñaren Leireri gertatutakoak lanaren erabateko estreinaldia ere eskainiko dute. Haurrentzako ipuina da Peñarena, haur abesbatzarako, errezitatzeko, txirularako eta harparako idatzia.

Txinatik, abesbatzen munduko txapelketatik hiru domina irabazita itzuli berri da Landarbaso abesbatza, eta udaletxeko pleno aretoan ariko da, 18:00etan. Han interpretatutako musika polifonikoko, musika garaikideko eta folkloreko hiru programak eskainiko dituzte, Iñaki Tolaretxipi zuzendariak azaldu zuenez. «Lehen aldiz interpretatuko ditugu obra horiek hemen», zehaztu zuen.

Organo zikloaren barruan Koro Saenz organistaren alboan ariko da Loinatz abesbatza, San Bizente elizan. Besteak beste, Tomas Garbizu euskal musikagilearen Juan XXIII. Aita Santuaren Meza abesbatza eta organorako partitura eskainiko dute, inoiz interpretatu gabeko bertsioan.

Isasi laukotea

Udaletxeko osoko bilkuren aretoan eskainiko du emanaldia Isasi soka laukoteak, 12:00etan. Anna Bohigas (biolina), Sidonie Bougamont (biolina), Karsten Dobers (biola) eta Angel Garcia Jermannek (biolontxeloa) Txaikovski eta Borodinen lanekin hasiko dute kontzertua. «Musika errusiarra oso aberatsa da laukoterako, eta oso arina eta hunkigarria da jo behar duguna», Jermannen hitzetan. «Arima zuzenean ukitzen du», Dobersen ustez. Musika errusiarra «gertukoa» dutela adierazi zuen, laukoteko kide guztiek irakasle errusiarrak izan baitituzte.

Pablo Borras musikagilearen Senderos obra ere interpretatuko dute. Pablo Sorozabal Konposizioko Nazioarteko X. Lehiaketa irabazi zuen lanak. Jaialdiak musika garaikidea sustatzen jarraitzea «ezinbesteko» iritzi zion Jermannek, «gero eta errepertorio gehiago izateko, eta ez jo behar izateko beti duela 200 urteko musika».

Hamabostaldi solidarioa

Lehen aldiz Hamabostaldi Solidarioa ekimena egingo da aurten. Buruko osasunean espezializatutako San Juan de Dios erietxean eta Atzegi adimen urritasuna duten lagunen elkarteko Villa Mari egoitzan kontzertu bana eskainiko dute, 11:00etan eta 18:00etan, hurrenez hurren. Tronboien laukote batek, Musikene eskolako ikasleak guztiek eta ahotsen laukote batek programa dinamikoa eskainiko dute, musikagile klasikoak eta pop abesti klasikoak tartekatuz, Bob Dylanenak eta The Beatlesenak, besteak beste. Hainbat agertokitara joan ezingo duten lagunei jaialdia hurbiltzea da ekimenaren helburua.

Hamabostaldi Berdea ekimenaren lehen aldia ere izango da. Alfayaren hitzetan, ekimen aitzindaria da Europako musika klasikoko jaialdietan. Hamabostaldiak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izatea da xedea, batetik, eta ingurumena zaintzea denon lana dela ohartaraztea, bestetik. Artistak Donostiara ekarriz jaialdiak sortzen duen CO2 kopuruak konpentsatzen saiatuko da Hamabostaldia; Txillida Lekuko zikloaren harira isuritako CO2a, esaterako, Mexikon basoberritzearen aldeko proiektu batean parte hartuz konpentsatuko dute.

Musika emanaldiez gain, Frederic Chopin musikagileari buruzko James Lapineren Impromptu filma eskainiko dute Kutxaren Andia kaleko aretoan, 17:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.