Losadak filmari esker izango du Juan Martin euskaldun berriarekin lehen hartu emana. «Liburua irakurri gabea nuen, eta antzerkia ikusteko aukerarik ere ez nuen izan». Tolosak, ostera, ezin hobeto ezagutzen du Ixabel. Gorringo taldearekin Euskal Herri osoko antzokietan jokatu du haren rola. «Baserri giroko herrietan edo euskaldun berrien aurrean, publiko oso zabalarengana iritsi gara. Hasieran lehen eguneko emanaldia salbatzea zen asmoa, eta pixkanaka-pixkanaka konturatu ginen antzoki guztiak betetzen genituela eta jendeak majo egiten zuela txalo».Baina antzerkiko Ixabelek eta filmekoak desberdintasun ugari izango dituzte. «Antzerkikoa inuzente samarra zen, eta filmekoa ez da hainbeste izango». Pelikulak baserritar gaztearen nortasunean sakontzeko aukera emango du, eta guztiaren gainetik, neska alai bat ezagutaraziko da. Losadari bere pertsonaia «oso jatorra» iruditzen zaio. «Beldurtia da eta nahiko inozoa, gauza askotan nire antzekoa, oso pertsonaia polita». Gorringorekin egindako lanaren ostean etorri zaio Zizurkilgoari filmeko Ixabel egiteko aukera, eta Ermukoak casting baten ondoren eskuratu zuen papera. Bien kasuan euskarak garrantzi handia izan zuen. Ixabelen profilean neska gazte ilehori bat eskatzeaz gain, Hernialdeko euskara inolako arazorik gabe egingo zuen aktore bat behar zuten; eta euskaldun berriaren kasuan, giro erdaldunagoko bat aukeratu dute. «Gure etxean ez da euskararik egiten, eta orain Madrilen nabilenez, han ez dut horretarako aukerarik».
Abentura berriak
Joxean Sagastizabalek idatziriko eleberriaren eta antzerkiaren aldean berrikuntzak izango ditupelikulak.Desberdintasun handiena Ixabelek herrian izango duen mutil-laguna izango da. «Horrek gauzak korapilatuko ditu», Tolosaren arabera: «Maitasun zirkulu baten erdian egongo da Ixabel, eta nahi gabe maiteminduko da etxera etortzen den apopilo berriarekin».
Sagastizabalek berak, Nagore Aranburuk eta Karlos Zabalak idatziriko gidoiak dakarren beste berrikuntza nagusia trantsizio garaiko lehen urteetako giroak izango duen garrantzia da. Filma 1978an egongo da girotua. Aktoreek ezagutu ez zuten garaian. Urte horretan bertan jaio zen Losada, eta hurrengoan Tolosa. Zizurkilgoak garai hura «mugimendu politiko eta kultural handiko garaia» bezala ikusten du.Umorea, ordea, betikoa izango da. Euskarazko pelikularen alderdi umoretsua nabarmentzen dute bi aktoreek. Tolosak dio jendeak ikaragarri eskertu diela Euskal Herri osoan barrena umorea zabaldu izana: «Jendeak barre egin du obrarekin, eta geuk ere oso ondo pasatu dugu horrekin». Losadak dio gidoia irakurtzen bakarrik «ikaragarrizko barreak» egin dituela. Komedia izaki, pelikula filmatzen Gaztelun (Gipuzkoa) egin behar dituzten zortzi «lan aste gogorrak» eramangarriagoak egingo zaizkiela diote.
Zineman gutxitan arituak
Beren artekomaitasun istorioa eta trantsizioko garai mugituak kutsu errealistarekin interpretatzea izango dira aktoreentzat berrikuntza handienak. Hasi berriak baitira zineman. REC, Orio Produkzioak eta Tentazioa ekoiztetxeek eginiko film hau zinemagintzan egingo duen lehena izango da Tolosarentzat. Eta Losadarentzat bigarrena. Ramon Barearekin El coche de pedales filmean egin zuen lan. Oraingo honetan aktore nagusi izatea «ilusio handiz baina zama txiki bat bezala» ikusten du. «Jendearentzat oso pertsonaia ezaguna da, eta hain ezaguna izateak apur bat beldurtzen nau».
Antzerki mundutik datoz bi aktoreak. Tolosaren kasuan Kutsidazu izan da profesionalki egin duen lehen lana. Eta ondoren telebistan aritu da. Orain, datorren astetikETB1en ikusi ahal izango den Wazemank umorezko saio berrian ari da lanean. Losada Madrilen dabil, Ur konpainiarekin La tempestad taularatzen. Telebistan ere egin du lan, Goenkale eta Cuéntame como pasó telesailetan.Uztailean filmatzen eta elkarrekin maitemintzen hasi baino lehen, jantziak, makillajea etaile apaindegiko lanekin ari dira orain. Eta gidoia ikasten.
Abuztuaren 15ean, denok aktore Gaztelun
Berez egun handia izango da abuztuaren 15a Gaztelun (Gipuzkoa) herriko jaiak ospatzen baitira. Baina aurten bereziak izango dira festak. 1978. urteko festen tankera izango dute, Franco hil eta handik hiru urtera ospaturikoak. Kutsidazu bidea, Ixabel filmeko hainbat