Bukatzean, nor geure txokoan gelditu eta ez gara elkarri begiratzera ausartu. Ez dago ispilurik, baina aurrez aurre daukagu gure irudia ehun aurpegi zurbiletan islaturik, miseriazko ehun txotxongilo arruntetan. Honatx gu, bart sumaturiko mamuak bihurtutik.
Orain konprenitu dugu, estreinakoz, gure hizkuntzak ez duela laido hau, gizaki baten suntsipena, adierazteko hitzik. Istant batean, intuizio profetikoz kasik, errealitatea errebelatu zaigu: hondora iritsi gara. Ezin da beherago jo: ez dago, eta ezin irudika daiteke, giza izate dohakabeagorik. Ez dugu gurerik deus: arropak kendu dizkigute, oinetakoak, baita ileak ere; mintzatuko bagina, ez gintuzkete entzungo, eta entzungo bagintuzte, ez ligukete ulertuko. Izena ere kenduko digute: eta hura gorde nahi izatekotan, indarrik aski aurkitu beharko dugu guregan, hartara, gure izenaren gibelean, izan gineneko zerk edo zerk oraindik badirauela erakutsi ahal izan dezagun.
LEKUKOTASUNA (ZATIA)
Jatorrizko hizkuntza: italiera.
Jatorrizko izenburua: Se questo è un uomo.
Itzultzailea: Mikel Irurtia.
Argitaletxea: Alberdania.
Urtea: 2011.
Aurkezpena: Apirilaren 11n 25 urte bete ziren Primo Levi idazlea (Turin, 1919-1987) hil zenetik, bere buruaz beste eginda, uste denez. Naziek Auschwitzeko kontzentrazio eremuan atxikia zutelarik, haien giza-suntsiketa metodoen lekuko zuzena izatea egokitu zitzaion. Aliatuek enkargatutako txosten gisa idatzi zuen Se questo è un uomo liburua. Hasieran ez zuen oso harrera berorik izan, baina holokaustoaren inguruan inoiz idatzi den lekukotasunik garrantzitsu eta literarioki aberatsena da irakurle eta aditu askoren ustez. Primo Leviren beste liburu bat dago euskaratuta: Sistema periodikoa. Juan Garziak egin zuen itzulpena, eta Alberdaniak argitaratu 1999an.
Literatura. Pasarte hautatua. Primo Levi
'Hau gizon bat bada'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu