Haur eta gazte literaturako hitzaldi eta lantegiak hasiko dira bihar Bilbon

Patxi Zubizarreta eta Elena Odriozola izango dira, besteak beste, Ibaizabal argitaletxeak antolaturiko ekimenean

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Ibaizabal argitaletxeak haur eta gazte literaturari buruzko jardunaldiak antolatu ditu, 20. mendeurrenaren ekitaldien barruan. Bihartik igandera bitartean, hitzaldiak, topaketak eta lantegiak izango dira Bilboko Alondegian. Gainera, astelehenaz geroztik literatura eta ilustrazioari buruzko erakusketa ikus daiteke Bastida aretoan. Bi mundu eskutik helduta goiburupean, besteak beste, Javier Zabala eta Rebecca Dautremerren marrazkiak bildu dituzte. Argitaletxeak antolatutako ospakizun ekitaldien artean, halaber, Patxi Zubizarreta eta Elena Odriozolaren topaketa izango da, bihar. Marrazki idatziak izenburuko saioaren barruan, idazle eta marrazkilarien arteko elkarlanaren gakoak aztertuko dituzte.

Egun osoko egitaraua izango da etzi, eta egun erdikoa etzidamu. Goizean, Gustavo Martin Garzo idazleak hitzaldia egingo Haur eta gazte literatura, norberaren hizkuntza eta garapen gisa izenburupean. Ondoren, Stuttgarteko (Alemania) liburutegiko zuzendari Karin Roesler gune eta irakurle berrien inguruan mintzatuko da. Joan Portell idazleak hartuko du hitza ostean, irakurzaletasuna sustatzeko erronka eta erantzukizunez hitz egiteko. Arratsaldean, irakurzaletasuna pizteko helburuz garaturiko egitasmo zehatzetako ordezkarien mahai-ingurua egingo dute. Partaideen artean, Galtzagorri elkarteko kide bat izango da.

Hizkuntzak eta kulturak

Mahai-inguru batekin emango diote hasiera larunbatari. Alberto Manuel Ruiz Campos, Montse Perez eta Brenda Bellorin literatura adituek hizkuntza gutxituetan sorturiko haur eta gazte literaturaz jardungo dute, hizkuntza suspertzeko baliagarri izan diren esperientziak azalduz, besteak beste. Gonzalo Moure kazetari eta blogariak beste kultura batzuk ezagutzeko tresna gisa aurkeztuko du haur eta gazte literatura.

Horretaz gain, guraso eta 3 eta 6 urte arteko seme-alabentzako lantegia egingo dute hilaren 29an. Ipuinekin gozatzeko oinarriak emango dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.