Hans Christian Andersen idazle daniarraren jaiotze urteurrena eta haren lanak literaturan izan duen garrantzia ospatzeko, Haur Literaturaren Nazioarteko Eguna ospatzen dute 1965. urteaz geroztik, apirilaren 2an.
IBBY Haur Liburuaren Nazioarteko Erakundea arduratzen da egun horren antolaketaz. Urtero herrialde bateko idazle batek eta ilustratzaile batek prestatzen dute mezuaren testua eta kartela. Aurten Esloveniari egokitu zaio. Aino Pervik idatzi du testua, eta Juri Mildebergek egin du kartela. Euskarazko mezua Paul Picadok itzuli du. Liburuak gogora ekartzendu da Pervik idatzitako testuaren izenburua. Honela dio tarte batean: «Gaur egun, iraganari buruzko liburuak idatz daitezke, noski, eta askotan, zoragarriak dira. Baina, egiazki, gaur egungo egile batek ez du sentitzen iraganeko usainik, zaporerik, beldurrik eta gusturik. Badaki dagoeneko zer gertatu den, etorkizunak garai bateko jendearentzat ezkutuan zuena». Testu osoa euskaraz irakur liteke Galtzagorri elkartearen webgunean: http://www.galtzagorri.org/.
Galtzagorrik deituta, Euskal Herri osoan hainbat ekintza egingo dira gaur eta bihar Euskal Herriko 23 herritan: kontaketak, tailerrak, erakusketak, irakurketak, hitzaldiak, merkatu txikiak, lehiaketak... Besteak beste, Juan Karlos Alonso psikologoak Haur Literaturaren eragina haurraren garapenean hitzaldia emango du gaur Donostiako Haur Liburutegi Nagusian, eta Zurrumurru antzerki taldeak Mamuak eta beste bizilagun batzuk ipuina eskainiko du bihar Eibarko Juan San Martin liburutegian. Horrez gain, hilabete osoan egingo dira erakusketak, tailerrak eta merkatuak. Galtzagorri elkartearen webgunean dago informazio osoa.
Aizkorrik hiru liburu berri
Aizkorri argitaletxeak haurrentzako hiru liburu aurkeztu zituen atzo, Donostian. Xabier Olaso idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak Paulen abentura miresgarria aurkeztu zuten, Yolanda Arrietak eta Aitziber Alonsok Amaren urteak liburuaren berri eman zuten, eta Jokin Mitxelena bera Saguzarrak egunez lanaz aritu zen. Idazle eta ilustratzaileekin batera, haurrak izan ziren aurkezpen ekitaldian.
Haur Liburuaren Eguna ospatuko dute gaur eta bihar 23 herritan
Esloveniari egokitu zaio aurten testua eta kartela egitea; Aino Pervik jarri ditu hitzak, eta Juri Milderbergek irudia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu