Haur eta gazte literatura'ZEIN POLITA DEN PANAMA!'. Egilea: Janosch. Argitaletxeak: Pamiela eta Kalandraka.

Haur literaturaren gako bat

2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Baziren behin hartz txiki bat eta tigre txiki bat, ibaiertzean bizi zirenak. Han, kea ateratzen den tokian, zuhaitz handiaren ondoan». Buruz dakite milaka alemanek (eta ez-alemanek) liburu hasiera hau. Eta guri, euskaldunoi, transmisioaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, komeni litzaiguke ezagutzea Alemaniako (eta munduko) literatur fenomeno honek gurasoen eta seme-alaben arteko transmisioan duen garrantziaz, besterik ez bada gogorarazteko gakoa ez dela kantitatea, baizik eta kalitatea.

«—Zein ongi bizi garen! —esaten zuen tigre txikiak—. Bihotzak desira dezakeen guztia daukagu, eta ez gara ezeren beldur, oso indartsuak garelako. Ez duzu uste, hartza?» Eta hartzak erantzun: «—Bai horixe. Ni hartza bezain indartsua naiz, eta zu tigrea bezain indartsua zara. Aski da horrekin».

Gutxitan konbinatu dira hain ongi arlo komertziala eta literarioa liburu bakarrean. Sentimenduz betetako eta xalotasunez osatutako mundu xarmagarri batean kokatuta, irudiak, egitura narratiboa eta testua batere asaldurarik gabeak dituelarik, 1978an Janoschek asmatu zuenetik, salgaien iturri bikaina bihurtu da liburu honen unibertsoa.

Halako aurrekariekin erraza da lan hau baztertzea, komertziala dela eta mamirik gabekotzat jotzea...

«—Panaman —esan zion— den-dena da askoz politagoa. Izan ere Panaman toki guztietan dago banana-usaina. Panama da gure ametsetako lurraldea, Tigre. Goazen bihar bertan Panamara!».

Badu, ordea, istorio honek nahikoa mezu, hausnar-bide eta iradokizun: «—Bidea ez dakigunez —esan zuen hartz txikiak—, bide-seinale bat behar dugu. Eta bide seinale bat egin zuen». Janoschek proposatzen digun mundua eredugarria da, bizitzeko beharrezkoak direnak eta hutsalak direnak garbiki seinalatzen diguna, adiskidetasunaren esentzia begi-bistan jartzen diguna eta, beste askoren artean, (giza-) portaera harmoniatsu bat posible dela iradokitzen diguna.

Narratzaile zirikatzailearen figura ezohiko arrakastarekin proposatzen zaigu, irakurlearekin konplizitatea bilatzen duena, Tigre txikiren eta Hartz txikiren jokamoldea zalantzan jarri, informazioa gurekin partekatu eta bereziki irakurketan laguntzen ari zaigula sentiarazita: «Aizue, hartz txiki eta tigre txiki! Ez al duzue ikusi ibaian behera doan botila? Piraten altxor bati buruzko mezu bat izan dezake barruan... Beranduegi. Urak eraman du jada».

Testuaren lagun dauden irudiek naturaren kolorea dute, eta ur margoz eta tinta-idazkailuz eraikiak zuzen doaz irakurlearen bihotzera. Gainera, Janoschen ilustrazioak guztiz iradokitzaileak gertatzen dira, testuaren osagarri eta kontaketaren menpe jarriak, mezua eraikitzeko parte. Esan liteke liburuko atal guztiak, irudi zein testu, osotasun narratibo baten piezen gisara daudela jarriak, baita letra tamaina eta letren kolore konbinaketak ere.

Zinez merezi du Alemaniatik hona iristeko hogeita hamabi urte behar izan dituzten tigre txikia, hartz txikia eta eurekin sokatik daramaten egurrezko tigre-ahatea ezagutzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.