Musika klasikoa haurrei gerturatzeko asmoz, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 30 ikuskizunetik gora eskainiko ditu datozen hilabeteetan. Musika Gela izeneko egitasmoaren barruan, txotxongiloekin, pailazoekin eta ezohiko perkusio instrumentuekin osatutako emanaldiak egingo dituzte. Horrekin batera, Musika Familian izeneko Gasteizko eta Donostiako kontzertuak, eta eskola haurrentzako emanaldiak ere eskainiko dituzte, eta Sinfokids telebistarako saioaren bigarren denboraldia prestatzen ari dira. Iñigo Alberdi EOSeko zuzendariaren esanetan, kontzertuekin musika klasikoa umeei ezagutarazi nahi die orkestrak. Iaz, 7.500 umek orkestraren egitasmoetan parte hartu zuten, eta orkestraren 30 urteetan parte hartu duten haurrak 146.000 izan dira.
Per Poc txotxongilo taldeak Soldadu baten istorioa ikuskizuna eskainiko du larunbatean, Donostiako Kursaaleko ganbera aretoan, eta igandean, Gasteizko Principal Antzokian. Igor Stravinskiren obra egokitu dute, musika txotxongiloekin batera eskaintzeko. Bestalde, Stick Dance Quartet perkusio laukoteak perkusioaren mundua gerturatuko die umeei Sorpresa Kutxa emanaldiarekin, eta horretarako mota guztietako tresnak erabiliko dituzte, esate baterako, hozkailuak eta etxeetan dauden antzeko gailuak. Martxoaren 17an Donostian izango da kontzertua, eta 18an, Gasteizen.
Kultur aniztasunaren gaia musikaren bidez landu du EOSek Sheherazade, ekialdeko istorioak obran. Horrela, Errusiako, Errumaniako eta Hego Amerikako konposatzaileen lanak batu dituzte, munduko herrialde ezberdinetako musika estiloak erakutsiz. Maiatzaren 12an emango dute kontzertua, Donostian.
Azkenik, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen 40. urteurrena ospatzeko, EOSek kontzertua eskainiko du ekainaren 8an eta 9an, Easo-Txiki eta Araotz-Txiki abesbatzekin batera. Pailazoek sortutako abesti ezagunenak gogora ekarriko ditu orkestrak.
Haurrei musika gerturatzeko 30 kontzertutik gora eskainiko ditu EOSek
Txotxongiloekin, pailazoekin eta ezohiko instrumentuekin osatuko dituzte ikuskizunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu