Gaur amaituko da Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia, eta jada jakinarazi dituzte aurtengo sarituak. Khadija Al-Salamik zuzendutako Ana Nojoom bent alasherah wamotalagah filmak irabazi du Ikusleen Saria, jaialdiko sari nagusia. Nojoom hamar urteko neskatxa du protagonista lanak: epaigelara sartu eta dibortziatu egin nahi duela esango dio epaileari. Izan ere, 30 urteko gizon batekin ezkontzera behartu dute. Ezkontzeko gutxieneko adinik ez dago Yemenen, eta auziari heltzen dio Yemen, Frantzia eta Arabiar Emirerri Batuetako ekoizpen horrek.
Amnesty International erakundeak banatzen duen Film Onenaren Saria, berriz, Among The Believers filmarentzat izan da. Pakistango Abdul Aziz Ghazi elizgizonak herrialdean Sharia ezartzearen alde egiten duen ahalegina erakusten du Hemal Tivedi eta Mohammed Ali-Naqvi zinemagileek zuzendutako lanak.
Gazte Epaimahaiaren Film Labur Onenaren Saria, bestalde, Sergio Milan zuzendariaren Para Sonia lanak eraman du.
Gaur iluntzean banatuko dituzte sariok Viktoria Eugenia antzokian, eta ondoren, Fatima filmaren proiekzioarekin itxiko dute aurtengo edizioa.