Istorio gordina eta hura kontatzeko modu ausarta aukeratu dituzte Judith Colell eta Jordi Cadenak Elisa K filma ontzeko. 11 urte betetzear dela, aitaren lagun batek bortxatu egingo du Elisa, eta gertakaria hamalau urtez ahanzturan gordeta izan ostean, bat-batean indar handiz itzuliko zaio gogora. «Hau ez da bortxaketa bati buruzko lana, oroimenari buruzkoa baizik», Cadenaren hitzetan. Katalanez eginiko lana Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zuten atzo.
Aspalditik zuten Colellek eta Cadenak elkarrekin lan egiteko gogoa, Aina Clotet, Claudia Pons, Hans Richter eta Lydia Zimmermann aktoreekin batera egindako agerraldian azaldu zutenez. Zuzendari bakoitzaren begiradak uztartu ahal izateko moduko egitasmoa hautatzea zen kontua, eta Lolita Bosch idazlearen Elisa Kiseljak eleberrian aurkitu zuten elkarrekin kontatu nahi zuten istorioa. «Iragana eta oraina erabat bereizita dauden zatiak dira liburuan, eta batak bestea indartzeko, bi hizkuntza erabat ezberdinen bidez lantzea eskatzen zuten».
Hala, estilo ezberdinetan ondutako bi zati erabat bereizitan osatu dute lana, eta zuzendari bakoitzak zati bat zuzendu du bere hizkuntzarekin. Lehen zatia, Elisa umea denekoa, zuri-beltzean filmatua dago, eta off-eko ahots indartsu batek gidatzen du kontakizuna. Liburuaren lehen orrietan irakurritako esaldi batek zirrara eragin zion Cadenari -«minutu gutxi barru bortxatuko dute», iragartzen du narratzaileak- eta esaldiaren indarrak eraman zuen off-eko ahotsa erabiltzera. Bigarren zatian narratzailea desagertzen da, eta zuri-beltzeko eta kolorezko irudiz agertzen da Elisa helduak gogoratzen duen garaia.
Erasoaren irudi espliziturik ez da agertzen. «Bortxaketa baten alderdi morbosoan sakontzea ez zitzaigun burutik pasatu ere egin», azaldu zuen Cadenasek. «Berdin dio zer-nolako erasoa den, berdin dio zein larritasun maila duen. 10 urteko haur batentzat sexu indarkeria, edozein mailatan, berebiziko bortxaketa da», Colellen ustez.
Arazoei aurre egiteko kemena
Erasoa gogoratzean krisi sakona biziko du Elisak, baina egoerari aurre egingo dio. Halako gertaera bat jasan duten pertsonekin eta elkarteekin hitz egiteak asko lagundu ziola esan zuen Aina Clotetek, Elisa helduaren rola jokatzen duen aktoreak. «Isiltasuna ulertzen lagundu zidaten, baita zergatik gogoratzen duen ere. Hori airean geratzen da filmean, baina, nire ustez, oroitzeko prest dagoelako gogoratzen du Elisak, haurra zenean ez baitzegoen gertu». Colellen esanetan, «Elisarentzat garrantzitsua zen arazoari aurre egitea. Arazoak konpontzeko, albotik hanka puntetan pasatu beharrean, aurrez aurre jarri behar ditugula uste dut».
Elisak dena oroitzearen zergatia bezala, beste zenbait auzi airean uzten ditu filmak. Elisaren azken begiradak azaltzen du horren arrazoia, Colellen hitzetan: «Elisak pentsatzen duena bere kontua da, ikusleak pentsatzen duena bere kontua da; oso argi geratu behar zaiguna da haurtzaroa norbera babestuta sentitu behar den lekua dela. Ikuslea inplikatu nahi du Elisaren begirada horrek».
«Haurtzaroa norbera babestuta sentitu behar den lekua da»
Jasandako bortxaketa hamalau urtera gogoratuko duen gazte baten istorioa kontatzen du 'Elisa K' katalanezko filmak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu