Egilearen haurtzaroko oroitzapenetan oinarritutako kronika liburua da Arantxa Urretabizkaiaren Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela). 1947an jaio zen Urretabizkaia, Donostiako Txomin Enea auzoan, aita —36ko gerran gudari izana— kartzelan zela. Urte batzuk geroago familia hiriko beste auzo batera aldatu zen, Egiara. Idazlearen lehen 13 urteetako oroitzapenak ditu oinarri liburuak, 1960 bitartekoak. “Kontakizunaren osagai nagusia nire haurtzaroa da, baina ez da hori kontatu nahi dudana”, azaldu du Urretabizkaiak, liburua aurkeztean. "Hauxe da nire asmoa: nire haurtzaroan kokatutako tresnaz, argazkiak hartu dizkiot iraganari eta argazki horiekin kontatu nahi dut nola izan zen hezia gaur zahartzaroaren atarian dagoen belaunaldia, nolakoa zen bizitza, sasoi hartan, urte haietan, Donostiako bazterreko auzo apal batean bizi zen familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten inguruan".
"Zuri-beltzeko argazkiak ez da memoria liburu bat, nahiz eta memoria liburu bat ere baden", azaldu du Jose Angel irigarai Pamiela argitaletxeko editoreak. "Egunerokotasuneko kontu guztiz xumeen” kontaketaren bitartez, “pretentsiorik gabe” idatziz eta kontatutakoaren inguruko ondoriorik plazaratu gabe, Irigarairen ustez, Urretabizkaiak "garai bateko gorabeheren berri" ematen du, zehaztasun, sinesgarritasun eta indar handiz, "Donostiako familia langile, euskaldun, euskaltzale, abertzale, errepresaliatu baten baitatik ikusita".
Bi zati nagusitan banatuta dago liburua: Notario batek egiaztatuko lukeena eta Argazkiak. Lehenegoa "ingurua" aurkezteko baliatu du egileak, eta horrekin batera "pertsonaia nagusiak" nahiz "bigarren mailakoak": aita, ama, amona, Izeba Pakita… Bigarren zatian, idatzizko «argazkiak» egin ditu, bere haurtzaroaren garaiko kontu ugariren berri emateko: Eliza, Gorputza, Arropa, Ikatza, Franco, Dirua, Euskara, Jolasak, Mutilak eta neskak, Baserria, Jatekoak eta Ikasketak dira bigarren ataleko azpiatal edo “argazki” horiek.
Lau nobelaren egilea da Urretabizkaia: Zergatik panpox (Hordago, 1979), Saturno (Erein, 1987), Koaderno gorria (Erein, 1998) eta 3 Mariak (Erein, 2010). Horrez gain, beste hiru liburu ditu argitaratuak: Maitasunaren magalean poema liburua (GAK, 1982); eta Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (Erein, 1983) eta Aurten aldatuko da nire bizitza (Erein,1992) narrazio liburuak.