LITERATURA

Hauskorrak direla konturatuta

Xabier Montoiak 'Azken afaria' (Susa) nobela kaleratu du. Aspaldiko lau lagunen bizitza ustez lasaiak eta erosoak bat-batean aldatuko dira, haietako baten semea Ertzaintzak bortizki atxilotu eta torturatuko duenean. Adiskideen arteko harreman berez konplexuak are gehiago korapilatuko dira horren ondorioz. Bidaia ilun bat kontatu du idazleak, bere zazpigarren eleberrian.

Xabier Montoia. JON URBE, ARP
Igor Susaeta.
2013ko azaroaren 28a
15:27
Entzun

60eko hamarkadaren amaieran eta 70ekoaren hasieran Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuten lagunak Bilboko Alde Zaharreko soziedade batean elkartuko dira, haietako baten omenez, 30 bat urte geroago. Kalifornian (AEB) bizi den idazle ospetsua da hura, beste bi abokatuak dira, eta laugarrena EAJko politikari karguduna; laurak, elkarren artean ideologikoki ezberdinak. Elkarri zirika hasi, eta atzera begiratuta harritu egingo dira zenbat aldatu diren ikusita. Harik eta haietako batek, Felix Goñik, amesgaizto bat bizitzen ari dela sentituko duen arte.  "Bazekien gertatzen zirela antzeko gauzak, baina ez zuen uste bera bezalakoei ere tokatzen zitzaizkienik; demagun ezker abertzalekoei-eta gertatzen zitzaizkiela pentsatzen zuela", adierazi du Montoiak gaur Donostian, liburuaren aurkezpenean. Goñi EAJren ingurukoa izan da. "Botu emailea-eta...".

Gertaera horrek aldaraziko du bai bere pentsaera, eta baita bere lagunekin zein jendearekin orokorrean daukan harremana. Halere, Goñi bakarrik ez, besteak ere konturatuko dira hauskorrak direla, haien ziurtasunak kolokan daudela derrepentean. "Pertsonaik lokatzetan jarri ditut", argitu du Montoiak. Adiskidetasuna da nobelaren gai nagusietako bat haren iritziz, baina baita hauskortasuna eta ahuldadea ere. "Ez gara ezer. Gaur hemen gaude, goxo, baina bihar, beharbada...".

Lau kapitulutan antolatu du eleberria egileak. Iruditzen zaio kontaketa eredu hori zela egokiena liburua egituratzeko, harreman horien konplexutasuna adierazteko. Batetik gertakizuna adierazi du "ahalik eta modurik objektiboenean", hirugarren pertsona erabiliz. Bestetik, "iritzien atalean", haien bizitzeko era, ideologia azaldu du. Eta hirugarrenean, "bakarrizketa instrospektibo bat" egin du, sentimenduen aldea lantzeko. Azken afaria dena helduko den arte, bidaia ilun horren amaierara hauskorrak direla konturatuta iritsiko diren arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.