ZINEMA

Haustura baserrian

Aste honetan amaituko ditu Asier Altunak oraingoz behin-behineko izenburutzat 'Amama' duen fikzioko film luzearen grabazio lanak. Baserria ulertzeko bi moduren arteko talka da kontaketaren ardatza. [Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2235/[/Berriatb]

Juan Luis Zabala
2014ko azaroaren 13a
10:05
Entzun

Goizuetako lurretan (Nafarroa), Artikutza auzotik gora, Beltzuntze mendiaren magal bateko basoan, mendi-mendian, urritzezko makila eskuan duela eta orbela zapalduz bixi-bixi dabilela, inguruetara begira, urduri, izututa, «Amama!» egin du oihu Manu Uranga aktoreak, «Amama!» behin eta berriz, «Amama, amama!»… Ehun bat metrora, aldameneko magaletik irudiak hartzen ari da Asier Altuna zinemagileak zuzendutako lantaldea. Amaitutakoan, gustura geratu dira emaitzarekin. Amparo Badiola ekarri dute orduantxe autoan basoraino, amamaren rola jokatzen duen aktorea, hurrengo sekuentzian Manu Urangaren ondoan agertu behar baitu. Lasaia eta atsegina da lan giroa, igartzen da lana menpean hartua dutela. Dena ondo ateratzen ari da, eta Asier Altunak grabazio lanekin «gozatzen» ari dela dio. Ezeren okerrik ez dela, udaberrian estreinarako pronto izango dute oraingoz Amama deitzen duten filma. Ekoizpeneko autoetan Amama da izenburua; klaketetan, Zuhaitzak erortzen. Baina behin-behinekoak dira horiek. Beste bat izango da izenburua, eta erabaki gabe dute oraindik.

«Urte askoan eta belaunaldi askotan modu jakin batean funtzionatu du baserriak, eta gaur egun apurtu egin da hori», azaldu du Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969), grabazio lanen atseden une batean. Baserri bateko familian gertatzen den belaunaldien arteko haustura kontatuko du, «modu dramatiko batean», filmak. «Belaunaldien arteko zubia apurtu egiten da, eta komunikazio falta izugarri bat dago bi belaunaldien artean. Bakoitza bere munduan bizi da. Pelikularen muina erdibideko zubi bat eraikitzen pasatuko dute. Baserria bizitzeko era bati omenaldia egingo dio pelikulak, bukatzen ari den mundu zahar horri».

Altunak berak idatzi du gidoia —Telmo Esnal eta Michel Gaztanbideren ohar eta zuzenketekin findu ere bai gero—, eta oso proiektu «pertsonala» dela dio. Baserrian jaioa eta hazia da, izan ere. «Baserrian bizi izan naiz urte askoan, eta txikitako unibertso hori oso presente daukat. Ezagutzen dudan mundu batez hitz egiten dut pelikulan». Ez da hitz askokoa izango, «baina bai akzioko pelikula bat», zuzendariak dioenez. «Badauzka irudi eder eta poetikoak, baina pertsonaiek indarra dute, eta gertakizunak gogorrak eta askotan hunkigarriak dira. Ikuslea harrapatzen badu, aulkian lotuta utziko du».

Film labur ugariz gain, Aupa Etxebeste! eta Bertsolari film luzeak zuzendu ditu aurretik Altunak. Hau du bakarka zuzentzen duen fikzioko lehen film luzea, Aupa Etxebeste! Telmo Esnalekin batera zuzendu baitzuen, baita Bertsolari dokumentala ere. «Errespetu handiarekin» ekin dio, baina babestuta sentitu da hasieratik. «Oso ondo inguratuta nago. Telmo [Esnal] ondoan dut, laguntzaile; Javi Agirre ere bai, argiaz eta argazkiaz arduratzen; taldea oso ondo ari da lanean…».

Kandido Urangak jokatuko du baserriko aitaren rola, eta Klara Badiolak haren emaztearena. Bien seme-alaben roletan Iraia Elias, Manu Uranga eta Ander Lipus ariko dira; horiez gain, beste pertsonaia garrantzitsu bat baserriko amonarena izango da, Amparo Badiolak interpretatua. Ezagutu gabe, kalean ikusita, jo zuen Badiolarengana Altunak, buruan zeukan ideiarekin bat egiten zuela irudituta, «amama eder eta dotorea» nahi baitzuen. Filmean lan egiteko eskatu zionean baiezkoa jaso zuen.

Inoiz aktore lanik egin gabea izanagatik ere, bi bider horretarako puntu-puntuan egona da Amparo Badiola, eta bietan gerrak zapuztu dio asmoa. Lehenik, artean bost urte baino ez zituela, 36ko gerra izan zuen oztopoa, itsasontzi batean atzerriratu behar izan zuenean beste hainbat eta hainbat umerekin batera; ordurako film batean parte hartzeko hautatua zuten, casting bat pasatu eta gero. Urte batzuk geroago, Frantzian bizi zela, opera batean parte hartzekoa zen, Bigarren Mundu Gerrak bidea errotik moztu zionean. Egunotan, oso gustura dabil Altunak gidatutako taldearen esanetara lanean.

Grabazio lanak uztailean hasi zituzten, astebetez, Errezilgo (Gipuzkoa) baserri batean. Bi hilabetetik gorako atsedenaldi baten ostean urriaren 13an ekin zioten berriro lanari. Artikutzan ez ezik, Aldatzen ere (Nafarroa) egin dituzte basoko sekuentzia batzuk. Herriko eszenak Azpeitian landu dituzte, hirikoak Donostian, eta Miarritzeko aireportuan ere izan dira. Larunbatean amaituko dituzte grabazioak, Aldatzen.

«Baserriko denboraldi desberdinak hartu nahi izan ditugu», azaldu du Altunak. «Udan hasi ginen, belarra jasotzeko garaian, eta orain, berriz, udazkena gainean dugula ari gara. Natura ere aldatuz joaten da pelikulan. Horrek produkzio aldetik konplikazioa dakar, bi alditan egin behar duzulako lana, baina neuri ere ondo etorri zait, grabazioa etenda egon den garaian gidoiari beste buelta bat emateko ere… Uste dut onuragarria izan dela».

Udaberrirako pronto

Muntaketa lanak ere hasiak dituzte dagoeneko, eta espero dute datorren urteko udaberrirako amaituta izatea. «Gabonetarako, guztiz amaituta ez bada, muntaketa nahiko aurreratuta izatea nahiko nuke, egitura ondo finkatuta. Gero, postprodukzioko lanak etorriko dira, eta espero dut udaberrirako amaitua izatea dena».

Finantzaketari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren, ETBren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irizar enpresaren babesa jaso du oraingoz proiektuak. Horrekin «larri baina txukun» dabiltza. «Daukagun diruarekin pelikula ederra egiten ari garela uste dut». Lehenengo kopia ondo bukatu ostean, hura erakutsita, laguntza gehiago jasotzea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.