SGAEko azken hauteskunde kanpainan irregulartasunak egon litezkeela uste du Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hala dio Jose Luis Rodriguez Neri kartzelara bidaltzeko herenegun gauean kaleratutako autoan. Epailearen arabera, baliteke Rodriguez Nerik «Hauteskunde Batzordeko kideek gorde beharreko inpartzialtasuna hautsi izana», Teddy Bautista buru zuen CPAC hautagaitzaren aldeko «gestioak eta ekintzak» egin baitzituen hauteskundeen aurreko hilabeteetan. Zehazki, hauteskundeekin lotutako gaiak aztertzeko bilerak egin zituen hautagaitza horretako kideekin, horietakoren bat Bautistak berak eskatuta. Bilera horiek hauteskundeekin zerikusia zutela ezkutatzen saiatu zen Rodriguez Neri, epaileak telefono entzuketen bidez jakin ahal izan duenez.
Ekainaren 30eko bozetan garaile atera zen CPAC hautagaitza, eta zuzendaritzako postu guztiak eskuratu zituen. Hurrengo egunean Guardia Zibila SGAEren Madrilgo egoitza miatu eta atxiloketak egin zituen.
CPACen alde jokatzeaz gain, Rodriguez Nerik «zailtasunak» jarri zizkion beste hautagaitzari —DOM (De Otra Manera)— «abalen errolda garaiz eta modu egokian» eskuratzeko, eta epailearen ustez, baliteke horrek elkarteko zuzendaritzan ordezkaritza handiagoa —ez du ordezkaririk lortu— izateko aukera murriztu izana egungo zuzendaritzarekin «erabat kritikoa» den hautagaitzari.
Hori dela eta, hauteskundeak berriz egiteko eskatu du DOMek, baina SGAEko zuzendaritza berriko ordezkariek, atzo emandako prentsaurrekoan, baztertu zuten aukera hori. Victor Manuel abeslariaren hitzetan, «bazkideei iseka egitea» litzateke hauteskundeak berriz egitea.
Hauteskundeak berriz egitea, «iseka egitea»
Elkartearen azken bozetan balizko irregulartasunak antzeman ditu Auzitegi Nazionaleko epaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu