Literatura

Haydee Arteaga narratzaile kubatarra hil da, 105 urtetan

Kontalaria, idazlea eta deklamatzailea izan zen, eta Ipuinen andrea ezizenarekin zen ezaguna. Habanan hil zen, atzo.

Erredakzioa
2020ko maiatzaren 23a
17:52
Entzun

Ipuinen andrea deitzen zioten Haydee Arteaga Rojasi. Ipuin kontalaria, idazlea eta deklamatzailea izan zen, eta, ahozko tradizioaren alde egindako lanagatik, oso estimatua eta goraipatua zen Kuban, sorterrian. 2000. urtean Komunitateko Kulturaren Sari Nazionala eman zioten. 105 urterekin hil zen, atzo, Habanan.

Ibilbide oparoa garatu zuen ahozko narrazioaren arloan. Haurrekin egindako lana nabarmendu diote bereziki, ahoz narratzeko artearen bidez, haiengan sustatzen zuen fantasiarako eta irudimenerako gaitasunagatik. Habanako bazterreko guneetan bizi ziren haurrekin lan egiteko, Grupo Artistico Cultural Charlas Culturales Infantiles taldea osatu zuen, 1962ra arte iraun zuena. Halaber, ECESA izeneko taldea ere sortu eta zuzendu zuen, eta 1980ko urteetan bere izena eta haurrena zeraman beste bat ere bai, umeekin lan egiteko hori ere.

Idazle gisa, Namach izeneko liburua eman zuen argitara, haurrentzako hamabi ipuin biltzen dituena; istorio tradizionalak ziren horietako batzuk, eta berak asmatutakoak beste batzuk.

Hainbatetan izan zen saritua, eta hainbatetan hartu zuen parte narrazioari lotutako nazioarteko jaialdi eta ekitaldietan. Besteak beste, hitzaldiak eta eskolak eman zituen Bulgarian, Espainian, Mexikon, Venezuelan eta Dominikar Errepublikan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.