«Arte erakarpen polo bat» eraikitzea, «urtez urte eratuz eta finkatuz joango dena». Helburu hori buruan antolatu dute Irungo Ficoban Arteando arte garaikidearen azoka. Uztailaren 21ean hasiko da, eta 26an amaitu. Hamazazpi galeriatan, 150 artista ingururen obrak egongo dira. Munduko «bazter guztietako» artistak izango dira, antolatzaileen arabera, sortzaile «ospetsuak nahiz hasiberriak». Besteak beste, pintura, eskultura, argazkigintza, grabatua edo bideosormena oinarri izango duten artelanak erakutsiko dituzte. Horrez gain, bost project room (proekzio aretoak) jarriko dituzte, «abangoardiako artistentzat», Marta Scarpelli azokako zuzendariak azaldu duenez.
Marta Scarpellirekin batera, Ignacio Scarpelli izan da azoka antolatzearen arduraduna; biak ere eskarmentu handikoak dira arte erakustazoken munduan. Ekimena Irungo, Hendaiako eta Hondarribiko udalekin eta Kutxaren babesarekin prestatu dute, eta sarrera doan izango da
Ez dagoena, sortu egin behar
Ignacio Scarpellik adierazi du hasiera batean «zerbait handiagoa» egitea pentsatzen zutela baina «denbora faltan» ibili direla. Hala ere, haren hitzetan, «txikian hastearena ez dago hain gaizki, lehen enbrioia sortzea da garrantzitsuena».
Ideia bera errepikatu dute gainontzeko antolatzaileek ere. Jose Antonio Santano Irungo alkateak argi du «gero eta garrantzitsuagoa» den artearen munduan«protagonismoa» lortzeko arriskatu egin behar dela. Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatea ere ados dago: «Hasierak beti dira zailak, gure helburua pixkanaka erreferenteak bihurtzea da». Hendaiako alkate Jean-Baptiste Salaberrik ere konfiantza azaldu du azokaren arrakastan.
Scarpellik gaineratu du Arco Madrilgo Arte Garaikidearen Nazioarteko Azoka sortu zenean ere batzuek «erokeriatzat» jo zutela. «Espainian kolekzionismorik ez zegoela zioten. Ba horixe bera sortzeko antolatu behar zen azoka!». Artearekiko zaletasuna sortu egin behar da, haren ustez. Babesleentzat, horretarako baldintzat egon badaude: «Giza baliabideen aldetik badago mamia, artistak eta. Ficoba oso azpiegitura ona da, gehiago aprobetxatu behar dugu», adierazi du Kerejetak. Kutxako Gizarte Ekintzako ordezkari Carlos Ruizen iritziz, «kolekzionismoa elitearekin lotzeari utzi behar diogu». Horrez gain, ekimena ekonomikoki neurtzearen garrantzia aipatu du.
Santanok esan du kultura «ekonomiari lotuta» ikusten duela:«Ekonomia kreatiboa deitzen diote, ekimen kulturalak egon behar dute, eta jarduera ekonomikoarekin lotuta badaude, hobeto». Alde horretatik, udan Bidasoaldera hurbiltzen diren «milaka turistak» erakarri nahi dituzte azokara bertakoez gain.
Hazteko asmoz jaio da Arteando arte garaikidearen azoka
Hilaren 21ean hasiko da Irungo Ficoban; kultura eta jarduera ekonomikoa uztartu nahi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu