Zinemaren sektorearen egoera ez da eman dezakeen bezain okerra, krisi ekonomikoak arrastoa utzi duen arren. ICAAk, Espainiako Ikus-entzunezko Arteen Institutuak asteon kaleratu ditu 2010eko datuak, eta zenbakiek erakutsi dute ikusle kopuruak enbatari eustea lortu duela. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, 6.411.511 ikusle izan ziren iaz, aurreko urtean baino 403.429 gutxiago. 2009an, 6.814.940 izan baitziren. Hortaz, «ikusleen jaitsiera ez da izan espero zatekeena bezain mingarria», Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak dioenez. Denera, 40 milioitik gora fakturatu zituzten Hego Euskal Herriko aretoek.
Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak eta ICAAk 440.000 euroz lagunduko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zinema aretoak, makineria eta tresneria digitalizatu ditzaten. Jaurlaritzako Kultura Sailak 220.000 euro jarriko ditu, eta ICAAk beste hainbeste. Urte gutxi batzuen buruan film gehienak euskarri digitalean ekoitziak izango direlakoan daude, eta horregatik erabaki dute aurtengo laguntzak esparru horretan urratsak egiten dituztenei ematea.
Digitalizatzeko laguntzak
Toralek jakinarazi du udalek kudeaturiko aretoek zein enpresa pribatuek ustiatutakoek izango dutela laguntza jasotzeko aukera, betiere baldintza batzuk betetzen badituzte. Filmen %40 Europan edota Iberoamerikan ekoitziak izan beharko dira. Halaber, euskarazko filmak eman beharko dituzte, baita zinema independenteko lanak ere. Jatorrizko bertsioan ematea kontuan hartuko dute.
Toralek azaldu du jada salaren bat digitalizatu duten zinemek ere jaso ahal izango dituztela, «eginiko inbertsioak laguntzeko». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zinemen %15ek baino ez dituzte digitalizatu aretoak. Izan ere, sala bakoitza digitalizatzea 70.000 eta 100.000 euro artean balio du. Eta, ondorioz, hiru salatik gora dituztenek diru inbertsio handiak egin beharko dituzte.
Horrenbestez, zinemek «une erabakigarria» bizi dutela azaldu du Koro Odriozolak, Donostiako Principe eta Trueba aretoak ustiatzen dituen Sade enpresako ordezkariak. «Egoera ekonomikoak ez du laguntzen, eta horretaz gain kontuan hartu behar dugu makineria digitala ordenagailuak direla, eta bospasei urteren buruan zaharkituak egongo direla».
Nolanahi den, digitalizazioa «fenomeno geldiezina» dela badakite, eta ataka horretan erabaki bat hartu beharrean daudela: «inbertsioa egin edo lehenago edo beranduago zinema itxi».
Digitalizazioa «aukera» dela uste du Odriozolak, «ez arrisku». Kopiak egitea eta banatzea errazagoa eta merkeagoa izango delako, eta ondorioz, eskuratzeko zailak diren filmak hainbeste arazorik gabe lortzeko aukera izango delako. Zinema independenteko filmetako kopiak dira lortzen zailenak, askotan Bartzelonan eta Madrilen emateko baino ez dituztelako egiten, Odriozolak dioenez.
Halaber, AEBetako zinema komertzialaren banatzaile handiek salak digitalizatzen laguntzeko eskaintza egiten dutela azaldu du, «baina onartuz gero beren filmak ematera behartua zaude».
Jaurlaritza eta ICAAren laguntzei «ezinbesteko» iritzi die, «bestelako zinemaren eskaintzari eutsi ahal izateko».
Hego Euskal Herriko zinema aretoen ikusle kopuruak beherakada arina izan du
Iaz 6.411.000 ikusle izan ziren, 2009an baino 403.000 gutxiago, eta ez zen jaitsi fakturazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu