Ameriketako Estatu Batuetako Southern Rock-arekin emango diote amaiera gaur Gasteizen Azkena Rock jaialdiari, eta, besteak beste, Lynyrd Skynyrd eta North Mississippi Allstar Duo taldeek hegoaldeko doinuak ekarriko dituzte. Lynyrd Skynyrd 70eko hamarkadako talde handiak, Johnny Van Zant buru, Free Bird eta Sweet Home Alabama rock ereserkiak joko ditu beste askoren artean.
Country, punk, blues eta folk amerikarrak rock zaleak dantzan jarriko dituzte. Beste askoren artean, The Darkness, Ben Kweller, The Union, Charles Bradley, M. Ward eta Hank 3 ikusteko aukera izango da baita ere. Hank Williamsen iloba eta Williams Jr. -en semea da Hank 3, eta punk eta countryaren adarrak jorratuko ditu. M. Warden eskutik, blues, country, folk eta rock-and-roll doinuez gozatzeko aukera izango da. My Morning Jacket talde estatubatuarra ere berton izango da; taldeak arrakasta handia lortu du bere herrialdean, eta oso ezaguna da beren zuzeneko emanaldiengatik.
Status Quo, Twisted Sister eta Blue Oyster Cult talde beteranoek sasoian daudela erakutsi dute Azkena Rock jaialdian.