Peio Bedekarratz eta Lüxi Agergarai. Pastoralaren antolatzaileak

«Helburua euskararen inguruan giro baten sortzea zen»

J.E.
Joanes Etxebarria.
Urdiñarbe
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Lüxi Agergarai (Urdiñarbe, 1986) eta Peio Bedekarratz (Urdiñarbe, 1988) zinez gazteak ziren 1999an, herrian egin den azken pastorala eman zutelarik. Horregatik da oraingo hau, haien ustez, beraien «lehen» pastorala. Jokoan aritzeaz gain, Aitzina Be elkarteko presidente gisa biak, antolatzaile lanetan ere ari dira, buru-belarri, Sibastarrak pastoralaren hiru emanaldiak ontsa joan daitezen.

Nola joan dira Sibastarrak pastoralaren prestaketak azken hilabeteetan?

PEIO BEDEKARRATZ: Gure helburua euskararen inguruan giro baten sortzea zen. Badu orain urte bat eta erdi hasi ginela elkartean ikusten nola sortu hori; behin eta berriz errepikatu dugu xantza izan dela idazlea, errejenta, kantore eramailea eta dantza eramailea Urdiñarben atzematea. Gure begietan indar handi bat da. Horiekin ere, dena eraman dugu euskararen inguruan, bilkurak eta mustrakak, eta euskara ematen ez dutenek ere konpreni dezaten tresnak baliatu ditugu.

Hautuak egin behar izan dituzue herritarren artean, sobera arizale izan ez zedin.

BEDEKARRATZ:Sobera ez dakit hitz egokia denez. Battittak [Berrogain, errejenta] erran zuen 80 arizale nahi zituela, eta hori errespetatu dugu.

LÜXI AGERGARAI: Herri handietan hori da arrangura, bortxaz jendea bazter baratzen da. Urdiñarben 550 bat biztanle dira, eta segur zen jendea bazter baratuko zela. Hautatu dugu herrian bizi eta herriko elkarte batean zen jendeak parte hartuko zuela.

BEDEKARRATZ: Erraten ahal dea bazter direla? Laguntzaileetan dira, eta egunean zehar giroan sartuko dira.

Antolatzaile gisa ukan duzue lan anitz orain arte. Azken egun hauek nolakoak dira?

AGERGARAI: Behar dira buru azkarrak. Pastoral baten egiteko batzorde desberdinak antolatzen dira, baina behar dira buru zenbaitzuk efikazak direnak sail bakoitzean.

BEDEKARRATZ: Urte batez, bigarren lan bat da. Batzordeak badira finantzentzat, logistikarentzat... Gauza batzuei ez genuen pentsatu azken momentua arte...; hori da irrigarri, dena azken momentuan agertzen dela. Mustrakak urtarrilean hasten dira; arizaleekin giro bat sortzea ere lan bat zen, ostatua joanarazi behar baita. Hori oro da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.