Filmaren promozioak ez du zalantza izpirik utzi nahi, inor despistatu ez dadin letra larriz idatzi dute nortzuk dauden Young Adult filmaren atzean: Diablo Cody eta Jason Reitman. Eta nortzuk dira bi horiek, bada? Bi horiek, hurrenez hurren, 2007ko Juno pelikula arrakastatsua idatzi eta zuzendu zutenak dira. Eta orain ekoizleek berriro elkartu dituzte, orduko arrakasta errepikatu nahian-edo.
Juno-ren ondotik, Diablo Cody oso pertsona famatua egin da Hollywooden, eta haren gidoiek urrearen prezioa balio dute gaur egun. Jason Reitmanek, berriz, askoz ere pelikula interesgarriago bat egin zuen Juno-ren ostean: Up in the Air komedia gazi-gozoa.
Young Adult ere komedia bat da, heldutasunera ailegatzeko gaur egun dagoen gaitz zabalduaren inguruko istorio bat da.
Mavis Gavyk eleberri erromantikoak idazten dituen idazle bat da. Sorterrira itzultzea erabakiko du, helburu garbi batekin: institutuko mutil-laguna izandakoa berreskuratzea. Kontua da hura ezkonduta dagoela, eta ez duela aparteko interesik orduko harreman horri berriro ekiteko.
Etxerako itzulera uste baino zailago gertatuko zaio heldutasunera ailegatu nahi ez duen Garyri, eta ataka horretan, institutuko beste lagun batekin zuen harremana berreskuratuko du. Biek institutu garaiak oso gogoan dituzte, eta urte haiek berpizten saiatuko dira.
Chralize Theron da Young Adult-eko protagonista nagusia. Ez da oso ohikoa aktorea komedia roletan ikustea, baina, nonbait, haren lana gustatu zaie AEBetan, eta, besteak beste, Urrezko Globoetan izendatuta egon zen, komedia aktore onenaren sailean.
'YOUNG ADULT'
Izenburua: 'Young Adult'.
Zuzendaria: Jason Reitman.
Aktoreak: Charlize Theron, Patrick Wilson, Elizabeth Reaser, J.K. Simmons, Patton Oswalt, Emily Meade.
Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 94 minutu.
Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Heldutasunera iristeko gogorik ez
Jason Reitmanen azken komedia da 'Young Adult'; Charlize Theron da protagonista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu