Helsinkiko Udalak atzera bota du hirian Guggenheim museoa eraikitzeko proiektua. Udal gobernuak Jussi Pajunen alkatearen proposamena bertan behera utzi zuen atzo, boto bateko aldeagatik. Izan ere, orain arte museoa eraikitzearen alde agertu dira Berdeak, baina onespena kendu diote, eta proiektua bertan behera geratu da. Hori dela eta, egitasmoa ez da bideratuko eta museoa eraikitzeko erabakia ez da bozkatuko udaleko osoko bilkuran, pentsatuta zegoen bezala. Berdeekin batera, Ezkerren Aliantzako zinegotziek, sozialdemokratek eta Benetako Finlandiarrak muturreko eskuineko alderdiko ordezkariek ereezezkoa eman diote hirian Guggenheim museoa eraikitzeari. Kontrako zortzi boto eta aldeko zazpi izan zituen proposamenak.
Gizartearen babes faltak eta udal batzarreko beste alderdien kontrako jarrerak museoa eraikitzeko erabakia 2013ko udal hauteskundeen ostera arteatzeratzeko proposamena egitera eramanzuen Pajunen orain dela aste bi. Hiritarren gehiengoak eta herrialdeko kulturaren arloko zenbait profesionalek proiektuaren kontra agertu ziren hasieratik. Haien ustez, museoa eraikitzea garestiegia liteke hiriaren egungo ekonomia egoeran eta, horrekin batera, Finlandiako arte arloari kalte egingo lioke.
Betorik gabe
Udaleko osoko bilkuraren oniritzia baino ez zen falta arkitektura lehiaketa antolatu eta museoa eraikitzen hasteko. Izan ere, betoa ezar ziezaioketen erakunde biren onespena zuen proiektuak. Hain zuzen ere, Solomon R. Guggenheim Fundazioaren eta Bilboko Guggenheim museoaren babesa zuen; azken horrek Europan eraikitzen diren fundazioaren museoei oniritzia eman behar die proiektuak aurrera egiteko.
Museoak 140 miloi euroko kostua izango zuen. Helsinkiko portuaren inguruan eraiki nahi zuten, hiriaren erdialdean, hamabi mila metro koadroko zabalerarekin. Diseinura, arkitekturara eta teknologia berrietara bideratuta egon behar zuen, eta Europako iparraldeko publikoa erakartzea zuen helburu. Ez zuen bilduma propiorik izango.
Helsinkiko Udalak bertan behera utzi du Guggenheim museoaren proiektua
Osoko bilkuraren onespena baino ez zen falta, baina Berdeek babesa kendu diote egitasmoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu