Hemen da eguzkia

Azken bi diskoetako kantuak klasiko bilakatu direnekin uztartu ditu Ruper Ordorikak Donostiako Viktoria Eugenian emaniko kontzertuan.

Ruper Ordorika eta Hasier Oleaga, ostegun gauez, Viktoria Eugenia antzokian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Eguzki guztiak ere ez baitira berdinak. «Auzo denak maite du eguzkia, negu ilunak utzitako saria, Hemen da eguzkia!», dio Ruper Ordorikaren Hodeien azpian lan berriko India kaletik azken kantu bizizaleak. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ostegun gauez eskainitako kontzertuan ere hondarreko kantua izan zen, bisen aurretik. Eguzki leunaren laztana dakarte Ordorikaren azken sasoiko piezek, ez dute erretzen, ez dute euforiarik sorrarazten; sosegua, enkontrua, txerazko fereka lagunkoia damaiote entzuleari. Bolada onean da Ordorika.

Naturaren eta bihotzen aroak alderatzen dituen Zuhaitz eroria tempo geldoko pieza anbientalarekin, moztu berri den belarraren usaina dakarren Zilarra aurkitu nuenekoa rockeroagoarekin, bizitzari irmo eusteko aldarri egiten duen Ez beldurrik izan aholku tankerakoarekin eta Martin Larralde klasikoarekin bere etxeko sutondoan, edota nahi bada, baratze ondoko belardian kokatu gintuen kantariak. Kosta egin zitzaion hasieran entzuleari gonbita bete-betean onartzea, baina kanpoan hotza eta euria izan arren, azken orduko eguzkipeko arrats gozo bihurtu zen antzokia, emanaldiaren lehen laurdena igaro ostean.

Rupertorioan beti lekua duen Egin kontu biziagoak, bere aitonaren memoria biziberritzeko balio duen Eliasen etxea-k, Haizea garizumakoa aurreko diskoko Olhabideko Bordan aski txalotuak eta giro orientalez jantzitako intro luzeko Banekien baltsamikoak («Sargori zen, orain goxo da, lanbroa zen, orain argi») emanaldiaren tenperatura igoarazi zuten. Emanaldiko unerik gorenetakoa izan zen musikari berari zehatz erreparatuz. Sotil hasi eta sotil amaituriko kantua.

Azken bi diskoetako kantuek osatu zuten kontzertuaren muin nagusia. Azkenekotik guztiak jo zituzten Ordorikak eta Mugalariek. Arkaitz Minerrek (gitarra, biolina eta mandolina) ñabardura anitzez jantzi zituen abestiak. Batzuetan atmosferari garrantzia emanez , beste batzuetan rock eta blues moldeetatik gertuago arituz, eta erdialdetik aurrera gehiagotan erabili zuen biolina, kantuei oraindik eta jite gozo eta folkiagoa emanez. Lutxo Neira baxu jotzailea bigarren planoan aritu zen kontzertu osoan, serio eta neurriko, eta Oleagak giro eta erritmo desberdinetarako dohain berezkoa erakutsi zuen, aldioro irribarrea ahoan zuela.

Hiru gitarra erabili zituen Ordorikak, horietako bat akustikoa. Harekin eta agertokian bera bakarrik geratu zela jo zuen Ezbaieko gogoan folk molde klasiko eta intimistan. Umore tonuko Nora zoaz bakarrik —melodia zoragarria eta kantagarria—, lan berriari sarrera egiten dion Nirekin geratu adierazgarri eta eskuzabala («Tori errezil sagar bat...»), Zaindu maite duzun hori himno bilakatua eta Onerako da country ahairez emandako pieza jostaria izan ziren India kaletik aipatua baino lehen eskainitakoak.

Laboari eskainitako Gure bazterrak-ekin, Haizea garizumakoa adiskidetasun aldarriarekin, Ene begiek indartsuarekin, hastapenetako Herdoilarena-rekin eta Ordorikaren unibertso berriaren isla den Mundua biltzen duen oihartzuna-rekin bildu zuen kontzertua, eta bildu zuen entzule oro. Dotorezia eta samurtasuna, kalitatea eta hurbiltasuna, estai ez diren adierazle izan zen kontzertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.