Ikus-entzunezkoetan eta arte eszenikoetan emakume asko eta asko ari dira lanean egunero, baina haien sorkuntzek ez dute beti ikusgarritasunik lortzen. EWA European Women's Audiovisual Network elkartearen ikerketa bat da horren lekuko: zinema eskoletan ikasleen erdiak emakumeak badira ere, gero, ekoizten diren bost filmetatik batean izaten dira emakumezkoak zuzendari. Halaber, bideratzen diren diru laguntzen %84 gizonek zuzendutako proiektuek jasotzen dituzte, ikerketa beraren arabera. Horiek horrela, elkartzea eta emakumeen lana sustatzea erabaki du sektoreko profesional talde batek: (H)emen Her(e) elkartea sortu dute, ikus-entzunezkoetan lan egiten duten emakume horiei ikusgarritasuna emateko helburuarekin.
Profesionalen datu base bat sortu dute horretarako, eta horixe izango da elkartearen lanabes nagusia. Webgune horretan, erregistratzeko eta beren profilak sortzeko aukera izango dute sektorean lanean ari diren emakumeek. Kontratatzaile gisa erregistratzen direnek, berriz, profil horiek guztiak ikusi ahal izango dituzte beren proiektuei begira. Astero, gainera, profesional baten profila nabarmenduko dute webgunean nahiz Facebook-en, eta lantaldearen %60 baino gehiago emakumeak diren proiektuak ere nabarmenduko dituzte.
Miren Aperribay banatzailea; Izaskun Arandia eta Uxue Jimenez zinemagileak; Olatz Beobide antzerki eta telebista aktore nahiz zuzendaria; Iratxe Fresneda EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea; eta Kristina Zorita zinema kazetariak sortu dute elkartea, eta proiektura batzeko deia egin diete sektoreko profesional guztiei.
Sektoreko emakume ugari bildu da Donostian, Tabakaleran egin duten aurkezpenean.