«Hemengo jendeak eskertuko du ausardia»

Arte zuzendari dabil Madrilen, eta lehen aktore lana egin du Jaime Rosalesek hala eskatuta. Beste film batzuetan ez bezala lan honetan bortizkeria nola gertatzen den aztertzen dela nabarmendu du.

Alberto Barandiaran.
2008ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Mikel Zabalza eraman zuten egun berean, Guardia Zibilak Ion Arretxe atxilotu zuen Errenteriako bere etxean. Handik egun batzuetara libre utzi zutenean, torturak salatu zituen, baina prozesua artxibatuta geratu zen. Handik 23 urtera, ETAri buruzko film batean parte hartu du. Aktore, lehen aldiz. Eta protagonista.

Hau ote da film hau estreinatzeko garairik onena?

Beti pentsatu genuen, Jaime Rosalesek eta biok, koiuntura garrantzitsua izan zitekeela film honetarako. Nik animatzen nuen, gauzak lasai zeudela iruditzen zitzaidalako. Eta, bat-batean, egun bakar batean hiru ilegalizazio; eta, gero, egun bakarrean, hiru bonba. Hori da paradigma, baina filma ez da aldatzen. Garrantzitsua da orain izatea, eta ona da. Orain eman daiteke benetako mezua: bestearen suntsipena, bestea gaiztoa delakoan, ez dela aurrera egiteko bidea.

Filmak gauzak ikusteko modua aldarazi dizu?

Hitz egitea ona da zure ideiak ordenan jartzeko. Uste dut ideologiaren helburua dela bestearen suntsipena lortzea, horrek zoriontsu egingo zaituelakoan. Baina ezin dugu pentsatu demokrazia demokraziagoa dela ezer abertzalea desagertzen delako. Bestetik, inork uste al du Euskal Herrian elkarbizitza hobea izango dela besteen heriotzei esker?

Zergatik sartu zinen proiektu honetan?

Jaime Rosalesek proposatu zidalako. Asko miresten dut, eta ondo ulertzen dugu elkar. Berarekin zuzendari artistiko gisa lan egin dut, eta banekien zerbait interesgarria egingo genuela.

Zeure burua aktore gisa ikusten zenuen?

Ni protagonista sentitzen nintzen. Pentsatu nuen, gainera, neu nintzela egokiena, neuk bakarrik egin nezakeela.

Zure esperientziagatik, torturatua izateagatik diozu?

Nire biografiagatik, bai. Iruditzen zitzaidan gauza batzuk eman nitzakeela. Esaterako, sinesgarritasuna. Eta nire presentzia uste dut garrantzitsua zela.

Aurpegia eman behar zenuela esan duzu prentsaurrekoan. Zer esan nahi zenuen?

Armairutik atera. Ni Madrilen bizi naiz, eta han oso zaila da gauza hauek komunikatzea. Hemendik kanpo, gauzak desberdin ikusten eta ulertzen dira. Ikusi ditugun beste film batzuetan ez dira egin egin beharko liratekeen bezala, ez da bortizkeriari buruz gogoeta egiten. Baina hemen, bat-batean, nik pentsatzen nuenarekin bat egiten duen hausnarketa zegoen. Nik uste dut bortizkeriari buruzko irakurketa oso eskasak egiten direla. Hemen bortizkeria nola gertatzen den aztertzen da. Nola igarotzen den egunerokotasunetik erabateko izualdira. Txinparta hori nola gertatzen den. Zerbait gertatzen da, eta dena dator errenkan. Nik ez dut inoiz hil, eta askotan pentsatzen dut nola izango den hori. Normaltasunetik izualdirako pauso hori nola ematen den. Uste nuen hori erakutsi behar genuela.

Zergatik elkarrizketarik gabe?

Formak edukia asko baldintzatzen zuelako. Ni, askotan, ahalegintzen naiz asmatzen nolakoa den hor pareko bizilaguna, autobusean nire ondoan doana. Begiratu eta aztertu behar duzu, zentzumen guztiak jarri. Uste nuen garrantzitsua zela hori transmititzea: besteari erreparatu behar diogula, eta balio handiagoa eman. Harrokeriaz jokatzen dugu beti, eta, akaso, onartu beharko genuke ondokoak ere arrazoi puntu bat baduela.

Zer-nolako erreakzioa espero duzu izango duela filmak?

Gu umiltasunez heldu gara. Film txikia da, eta iruditzen zaigu originala dela, eta gauzak beste modu batera erakusten dituela. Ulertzen dut jendeari ez gustatzea, gai korapilatsua delako, eta filmatzeko modua ere, berdin. Gauza bategatik edo bestegatik, jendeari zaila egitea onartzen dut. Gustatuko ahal zaio! Ea pentsatzera bultzatzen duen, honi buruz hitz egitera. Hori lortzen badu, ondo.

Madrilen harrera zailagoa izango duela iruditzen zaizu?

Ez dut uste. Ilusio berezia egiten dit hemen aurkeztu delako. Eta hemengo jendeak eskertu egingo du hori. Onartuko du filmaren balioa, keinu ausart hori. Madrilen, Rosalesen filmak jarraitzen ari direnek ikusiko dute. Ez da gai politikoa izango jendea erakarriko duena. Hemen bai, hemen bi gauzak batuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.