Hemeretzi taldek parte hartuko dute Tolosako 43. Abesbatza Lehiaketan (Gipuzkoa). Urriaren 29tik azaroaren 1era izango da, Leidor aretoan, eta hamaika herrialdetatikhelduko dira abesbatzak: AEBak, Alemania, Espainia, Erresuma Batua, Errusia, Filipinak,Finlandia, Letonia, Txekiar Errepublika, Txina eta Ukraina. Errenteriako Landarbaso abesbatzak parte hartuko du Euskal Herriko ordezkari gisa.
Lehiaketa fasea hilaren 29tik 31ra izango da; azaroaren 1ean, berriz, amaiera ekitaldia eta sari banaketa egingo dituzte. Ohiko kategoriak izango ditu lehiaketak: folklorea, polifonia, eliz musika, musika profanoa eta haurren abesbatzena. Folklore eta polifonia alorretan zortzina abesbatza ariko dira lehian; bosna eliz musikan eta profanoan, eta sei haurren abesbatzen mailan. Lehiaketan parte hartuko duten abesbatzek hurrengo urteko Europako Sari Nagusira joatea dute jokoan.
Aurten, laugarrenez, Kantuaren Europako Sari Nagusia izango da Tolosan. Europako lehiaketa onenen artean dago Tolosakoa, beste bostekin batera: Debrecengoa (Hungaria), Mariborkoa (Eslovenia), Varnakoa (Bulgaria), Toursekoa (Frantzia) eta Arezzokoa (Italia). Lehiaketa bakoitzean irabazten duenak Europako saria eskuratzeko aukera izaten du hurrengo urtean; aurtengoa azaroaren 5ean izango da. Bost abesbatzetako bat Tolosako KUP taldea izango da, iazko Tourseko lehiaketako irabazlea.
Hemeretzi abesbatzak parte hartuko dute Tolosako lehiaketan
Hilaren 29tik azaroaren 1era izango da; Europako Sari Nagusia Tolosan jokatuko da aurten, azaroaren 5ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu