Hamar herrialdetako hemezortzi filmek osatzen dute Ikuspuntu, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren sail ofiziala. Hamabi film luze eta sei labur erakutsiko dituzte Iruñeko jaialdian, datorren otsailaren 22tik 27ra bitarte.
Hamabi film luze lehiatuko dira sail ofizialean. Horietatik hiru estatubatuarrak dira —Kevin Jerome Eversonen Erie, Verena Pavelen Foreign Parts eta Brent Greenen Gravity Was Everywhere Back Then—, beste bi Erresuma Batukoak —Duncan Campbellen Make it New John eta Clio Barnarden The Arbor— eta beste bi Espainian ekoitzitakoak — Color perro que huye, Andres Duquerena, eta True Love, Ion de Sosarena—. Sail berean lehiatuko dira Susana de Sousa Dias portugaldarra 48 filmarekin; Viera Caranyova txekiarra Alda filmarekin; Noelle Pujol frantziarra Histoire racontée par Jean Dougnac lanarekin; Comes Chahbazian Ici-Bas ekoizpen belgikar-frantziarrarekin; eta Ernesto Baca argentinarra Vrindavana lanarekin.
Sei film laburretatik, berriz, bi dira estatubatuarrak: Crosswalk (Jeanne Liotta) eta Translating Edwin Honig: A Poet's Alzheimer (Alan Berliner). Juan Carrascal espainiarrak El maná eramango du jaialdira, Anne Frances Ewert britainiarrak Into the Middle of Nowhere, eta Laila Pakalnina letoniarrak On Rubiks' Road. Saila osatzeko, Fathima Nizaruddin zuzendariaren Talking Heads. Muslim Women ekoizpen britainiar-indiarra aukeratu dute.
Zikloei dagokienez, zinema amateurraz izango da Heterodocsias Rewind atala. Maite Arroitajauregi Mursego-k jarriko dio musika saioetako bati.Horrez gain, nazioarteko abangoardia dokumentalak emango dituzte Erdialdeko Eskualdea atalean, eta feminismoaren historiari errepasoa egingo dio Pertsonala politikoa da zikloak.
Jaialdiko epaimahaia osatuko duen beste lagun baten izena jakinarazi dute antolatzaileek: Hans Hurch, Viennale zinema jaialdiko zuzendaria, epaimahaikide arituko da,Ben Russell, Josh Siegel, Naomi Uman eta Josep Maria Catalarekin batera.
Zinema. Estreinaldiak
Hemezortzi film lehiatuko dira Ikuspuntu jaialdian
Hamar herrialdetako hamabi dokumental eta sei film labur emango dituzte sail ofizialean, otsailaren 22tik 27ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu