Hemigway begira eduki nuenekoa

Anjel Lertxundi.
2004ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Iraultza industrialak ekarri zuen bizitza-estilo alienatuari plazerezko etekinen bat ateratzeko aukera bakarrenetako bat da trena. Giza abaraska lanpetuak diruditen bi geltoki zalapartatsuen arteko parentesia bat: bidaiariari, trena abiatu orduko, ahaztu zaio lanera doan ala lanetik datorren. Liburu bat irakurri edo musika entzun edo leihotik begiratu ordez, berarekin batera trenean doazenenei begira entretenituko balitz ere, haren irudimena ez dago trenean.

Auto bat aloka nezakeen hara-hona ibiltzeko, baina nahiago dut trena, ditugun azpiegitura negargarrien tamalagatik, nahi nukeen baino gutxiago ibiltzen naiz-eta trenez. Unai Elorriagak SPrako tranbia nobelako «tren-usaina (oso inportantea da usaina, tren-usaina)» eta erritmoa sentitu nahi ditut: eraman nazala, nazala eraman irakurtzen dudan bitartean, leihotik begira ari naizela, nire ondoan mapa bati begira ari diren bi motxiladunei erreparatzen diedalarik. Agian, Primo Leviren Sistema periodikoa-n ageri den Sandro mendizalearen CAI (Italiako Mendizaleen Elkartea) gida «erabat maiztua» da bi gazteak begiratzen ari direna, eta gidan seinalatutako harkaitz egokien bila ari dira «senez ibiltzeko, teknikaz baino areago, eskuen indarrei fidaturik». Motxiladun gehiago ere igo da trenera, mendiari begira baitago Padania. Mendiaren museo bat dago Torinon. Delle Alpi izena du Juventus futbol taldearen zelaiak. Mendia gai nagusitzat duten idazleen elkarte batek Grupo Italiano di Scrittori di Montagna (GIMS) kongresu bat egin berri du AostanÉ Ez dago mendia gai dutenen idazle-bazkun horretako parte izan beharrik mendia eta literatura elkartzeko. Aipatu berri dudan Primo Levik mendiari buruzko pasarte ederrak ditu bere hainbat obretan. Ezaguna da San Stefano Belbo inguruan dauden bular itxurako bi muinoenganako obsesio erotikoa Cesare Paveseren obran. Eskalatzaileek oso kutuna duten Dolomitetako obelisko itxurako harri tzar baten berri eman dute egunotako egunkariek, harriak goitik behera erdibitzeko arriskua duela salatuz: Dino Buzzati, idazle izateaz gainera eskalatzailea baitzen, harri tzarraren puntan ageri da egunkari batek baino gehiago eman duen 1940 urte inguruko argazki batean. Eskalatzailea da, halaber, Erri de Luca, azken urteotan Italiak eman duen narratzaile orijinaletakoa.Aosta inguruko mendi hauetan eman zituen onenak faxismoaren kontrako erresistentziak ere: mendiotan galdu zuen bizia Leone Ginzburg-ek, Natalia Ginzburg-en senarrak, Paristik Italiara Quaderni di Giustizia e Libertà (Justiziaren eta askatasunaren koadernoak) aldizkari klandestinoaren aleak zeramatzala. Mendiotako gerrari buruzko oroitzapen autobiografikoak baliatu zituen Italo Calvinok bere lehendabiziko nobela idazteko, erresistentziak mendia baitzuen gordeleku. Partisanoen ibilerek eta mendiotako nekazarien bizitzak inspiratu zuten Beppo Fenoglioren obra osoa...

Aittona oporretan

Dokumentazioa eskatu didan gizona gehitu behar zaio tren-txartela eskatu didanari. Baina ez dut poliziaren presentziaz harritzeko betarik izan, Ivreara, Olivetti idazmakinen hirira, iristen ari baikara. Hemengotzat jo nuen nire Kapitain Frakasa eleberriko pertsonaia, hona itzultzea zuen obsesio bakar. Nola ezagutu nuen hiria orain hogeita hamar bat urte, nola deskribatu nuen gero nobelan omega edo karramarro baten itxurarekin, nolakoa ote den orainÉ

Trenak Ivrean egin duen geldiune laburrean, trenetik jaitsi eta osteratxo bat ematea otu zait buruan darabildanari erantzuteko. Ia ordutik ordura irteten dira trenak Aostara, ez nuke galera handirik izango. Baina Ivreara itzultzekotan, ironiarekin itzuli behar nuke. Goizak, ordea, ez du trenpeotarako ematen, beste polizia bat sartu baita bagoian berriro ere dokumentazioa eskatzera. Luzoker edo pepino baten itxura guztia du haren aurpegiak. Nire nortasun agiria hartu du, baina ez dio begiratu ere egin; grazie esan, agiria itzuli, eta mendizaleei eskatu die dokumentazioa. Nireari baino arreta gehiago eskatu die haienei. Motxilei ere erreparatu die, baina ez die zabaltzeko agindu. Luzoker-aurpegiak alde egin duenean, il nonno-ren oporrei egotzi diete gazteek poliziaren presentzia. Niri bakarrik bururatzen zait il nonno (aitona) Wojtila Val d'Aostara oporretan doan egun berean harako trena hartzea!

Po ibaiaren adar nagusia, Dora Baltea, bete-betea dator, sasoi honetan gertatzen baita glaziarretako elurren urtze nagusia. Urak behera eta trena gora, nonahi ikusten dira mahasti txikiak mazal-mailetan landatuta,ugariak dira uraren indarra baliatzen duten zentral elektrikoak, ia herri gehienek dituzte izen frantsesak (Saint Vincent, Chatillon, Pont Saint Martin), lur hauek orain bi mende doi Saboiaren mende zeudela gogoratzen dutenak. Mussolinik italiera ez beste hizkuntza guztiak debekatu eta gero, hegoaldeko italiar mordoa ekarri zuen ordu arte lurralde hauetan egiten ziren bi hizkuntzak, frantsesa eta harpidanoa (hala deitzen diote hemen okzitanierari, gehien hitz egiten hizkuntzari) errotik atera eta italiera sustraitzeko. Harpidanoz eta frantsesez idatzita zeuden hilerrietako inskripzioak suntsitzerainoko herra erakutsi zuten. Gaur italiar haien ondorengoek hemen segitzen dute, baina frantsesa ofiziala da italierarekin batera.Ez, ordea, harpidanoa.

Frantsesaren ofizialtasunak italiar nazionalistenen su amorratua suspertzen du: esentzia betikotzat jotzen dute berrehun eta berrogeita hamar urte doi duen Italiarenbatasuna, eta naziotasunaren kontrakotzat daukate Aostan frantsesa koofiziala izatea. Italiartasunaren eskuzabaltasun suizidatzat dute Bolzanon alemana koofiziala izatea ere, edo Triesten esloveniera. Alferrik jardungo dute Aostako frankofonoek Italiako futbol taldea animatzen Frantziaren kontra, edo Bolzanoko aleman hiztunek gauza bera egiten Alemania bada Italiaren aurkariaÉ Ez dituzte nazionalistenak engainatuko: Italiaren etsai bat dago italiera hitz egin nahi ez duen bakoitzaren larruan, non?, eta Italiaren muga-mugan. Gutxiago kezkatzen dira administrazioaren mahaitik eroritako ogi-apurrak ere hartzeko eskubiderik ez duten hizkuntzez. Val d'Aosta osoan hitz egiten den harpidanoa (lautik hiru valdostanoren lehen hizkuntza da) eta Alpeetako mendi-magaletako erreten, haran txiki, eta baso ertzetan hitz egiten diren walser, mocheno, ladino, cimbro, carinziano edo brigasco bezalako hizkuntzak ez dira kezkagarri: ez dute hemendik eta handik gogor bultzatu behar handirik berez erortzeko, batez ere harpidanoa ez beste guztiak:koofizialak ez izateaz gainera, ez dira inguruko nazioek (Frantziak, Alemaniak, EslobeniakÉ) Italian sartuta dauzkaten Troiako zaldiak.

Alfer bidaiaren aringarri

Polizia gehiagok (eskerrak aittona hemendik berrogeita hamar bat kilometrotara dagoen!) eta bero sapa kiskalgarri batek hartu naute Aostako geltokian jaitsi naizenean. Itzalpetik itzalpera egin dut via Ribiteletik (via Bancaria behar luke, ezker-eskuin ez baitaago bankua besterik) Piazza Chanoux-era. Orain hogeita hamar bat urte hartu nion itxura bera mendia postaletan bakarrik maite dutenen balnearioarena izaten segitzen du.Plazaren erdian, erresistentzia gogorarazten duen brontzezko eskultura handi samar bat, alpino jantzian dauden soldadu batzuekin. «Ca custa lûn ca custa, Viva l'Austa» dio oinean daraman inskripzioak. Haren esanahiaz galdetu diot informazio-bulegoko arduradunari. «Kosta ahala kosta, gora Aosta» itzuli dit. Dialektoz omen dago. Dialektoaz galdetu diodanean, ez dit argibiderik eman. Sorbaldak jaso ditu. «Dialektoz zagok, zer gehiago nahi duk esatea nik?» pentsatzen ari dela ematen du. Erresistentziaren museoaz galdetu diot gero. Itxita dagoela. Obretan. Ia urtebete daramala itxita, eta ez dakiela noiz zabalduko duten. Aosta ondoan dagoen Val Grisenchen izeneko haranean bost egun barru zabaltzekotan diren gerrari buruzko erakusketa bati buruzko propaganda eman dit segidan. Ea gerra interesatzen zaidan. Ezetz, nik. Literatura interesatzen zaidala eta Erresistentziaren museoan dauden gerrari buruzko emaitza literarioek eta gerran parte hartutako idazleei buruzko gorabeherek ekarri nautela Aostara. «Ez beste ezerk» esateko gogoa irentsi dut.

Katedralean osteratxo bat egin eta gero ikusgarria daeraikuntzaren forma gordinek osotasunari ematen dioten dotorezia, Chiesa di Sant'Orsori egin diodan bisitak arindu dit alfer bidaia egin izanaren etsipena. Xarma handiko gauza asko eta desberdinak ditu ikusteko (freskoak, korua, klaustro erromanikoko kapitelakÉ), eta kanpoko beroarekin alderatuta, hozgiro atsegina egiten du bertan. Sant'Orso barruko freskura eskergarriaren ondoren, erreago egin dit eraso bero sapak. Inbidiaz begiratu diot emakume batek sokatik tiraka daraman rottweiler zakurraren bisera gorriari.Tripetako zorriak ordurako kexatzen hasiak, non zer jango hasi naiz. Sant'Orso elizatik hurbil, izen bereko taberna bat dago. Hemingwayren hartz itxurako irudi handi batek menuaren pizarra dauka atzaparren artean. Baina ez naiz fetitxe zalea, eta, gainera, fetitxismo guztiak uxatzeko modukoak dira Hemingwayren itxura onkotearen errekla-mora eskaintzen dizkidaten plateren prezioak.Alboko terraza batean jan ditut entsalada apal bat eta gazta pixka bat. Hemingway-ren begirada eraman ezinez (nire dietak ez lioke hagin bat ere aseko Ernest-i), pasadatxo bat eman diot Corriere egunkariari. Poliziak Alto Adigen aurkitu omen duen dinamitaz betetako tutu baten berri dakar portadak. Tutuan, Tirol hitza ageri omen zen labana batez idatzita. Aurkikundeak 60ko hamarkadan izan ziren atentatu separatisten beldurra susper dezakeela dio egunkariak.Tutuak ez du eztanda egin eta ez zeraman lehergailurik ere, baina iruditzen zait egunkaria dela atentatu separatisten beldurra suspertzen ari dena, ez tutua. Dinamitaz betetako tutuari buruzko albistearen ondoan, Berlusconiren gobernua pasatzen ari den krisiaren berri. Unerik latzena du Il Cavaliere-k gobernuaren kargu egin zenetik, eta ez dakit zergatik, baina elkarren ondoan dauden bi albisteek ematen duen baino lotura gehiago dutela iruditu zait. Hemingwayren aurpegi onkoteak niri begira segitzen du.



'O, bella ciao!'

Italiako partisanoen faxismoaren kontrako gerra ezin da ulertu Oh, bella ciao (O, ederra agur) kantarik gabe. Mundu osoan ezagutzen diren italiar kanta guztien arteko ranking-ean bost lehenen artean dago Arrivederci Roma edo La donna è movile kantuekin batera.

Una mattina mi son svegliata,oh bella ciao, bella ciao,bella ciao ciao ciao,una mattina mi son svegliataed ho trovato l'invasor.(Goiz batez esnatu naiz,o, ederra agur, ederra agur,ederra agur, agur, agur,goiz batez esnatu naizeta inbasorea aurkitu dut)

Oh partigiano, portami via,oh bella ciao, bella ciao,bella ciao ciao ciao,oh partigiano, portami viache mi sento di morir.

(O, partisanoa, eraman nazazu hemendik, o, ederra agur, ederra agur,ederra agur, agur, agur,o partisanoa, eraman nazazu zurekin,hilko naiz bestela).

Italiako entsalada linguistikoaren osagai nagusia italiera da, baina ez bakarra. Italieraren dialektoak ere, italiera estandarra ezagutzen duen arrotz batek askotan usaindu ere egiten ez dituenak, osagai inportanteak dira. Hiru multzo nagusitan banatzen dira harrigarriro zabalduta eta bizi-bizi dauden hainbat eta hainbat dialekto eta azpi-dialekto: hegoaldekoak, toskanoak eta erdi aldekoak. Italiako idazleek berebiziko gatz, ozpin eta piperra ateratzen jakin dute dialektoen erabilera literarioari. Euskaldunon entsalada literariori ez letorkioke batere gaizki erabili eta erabiltzen dituzten errezeten ezagutza.

Badira italierarekin zerikusi gutxi edo batere ez dutenak entsaladaren konposizioan: Aostan eta Piamonteko Alpeetan, italieraz gainera, frantsesa eta franko-okzitaniera hitz egiten dira; okzitaniera, Piamonteko Alpeetan eta Calabriako komunan; alemaniera, Alto Adigen eta hainbat lurralde alpinoetan; esloveniera, Friulin eta Alpe Giulietan; serbo-kroaziera, Molisen; greziera, Salento eta Calabrian; albaniera, Molisen, Campanian, Garganon, Lucanian, Calabrian, eta Sizilian; katalana, Algheron eta Sardinian. Frantsesa Aostan, alemaniera Alto Adigen eta esloveniera Friuli eta Venezia-Giulian soilik dira koofizial gisa eta gogoz kontra onartuta dauden hizkuntzak. Mangiare qualcuno in insalata (inor entsaladan jatea) esaten diote italiarrek batek bestea gainditzeari. Italiartasuna deitzen dioten balio aberkoi horrek kolore bakarrekoa nahi luke entsalada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.