Woody Allenen zinemak ez du jarraitzaile askorik AEBetan, kaleko jendearen artean batez ere. Diotenez, intelektualegiak dira haren lanak; psikoanalisiaz eta, azken hamarkadetako haren ekoizpena kontuan hartuta, teoria postestrukturalistei buruz ideia orokor bat izan behar du batek Allenen lanen sakontasuna ulertu ahal izateko. Alabaina, New Yorkekoaren filmek arrakasta handia izan ohi dute Europan, eta ez dut uste Europako biztanle arrunta Freuden zein Derridaren obraren gainean askozaz jantziagoa denik. Allenen filmetan pertsonaiak nola irudikatuak izan diren edo, hobeto esanda,irudikatze prozesuak berak haren filmetan jokatzen duen rola kontuan izanda, esango nuke AEBetako biztanle arrunta Allenen lanarekin aurrez aurre jartzen dutenean Freudek ispiluaren metaforarekin azaldu nahi izan zuena gertatzen dela: pantailan ikusten duena arrotza egiten zaio AEBetako biztanle arruntari, nahiz eta jakin badakien aurrean duen hori bere buruaren irudikapena dela.
Allen, dena den, gizabanakoarekin interesatuta dago, betiere, gizarte jakin baten parte den heinean. Hots, haren filmak pertsonaia jakin batzuen bizitzetatik abiatzen dira gizarte oso baten iruditeria, AEBetako iruditeria alegia, aztertzeko. Iruditeria horrek ematen die bizitza partikular horiei zentzua, eta alderantziz. Arazoa zera da, iruditeria hori, irudikapen hutsa dena baina zerbait naturala, jatorrizkoa balitz bezala bizi dena, tripak zabalik azaltzen digutenean, hainbestekoa da une horrek eragiten duen antsietatea, ezen imaginarioari eutsi nahi dion horrek beste alde batera begiratu behar du.
Allenen azken filma, Midnight in Paris (2011) interesgarria da zentzu horretan, antsietate mota askori buruz ari delako, iragana berreskuratu nahi eta ezinak pizten duena, esaterako. Filmean XX. mendeko lehen herenean Frantziako hiriburuan egoitza hartu zuten artista eta intelektualak azaltzen dira, Owen Wilsonek jokatzen duen pertsonaiak bizimodu onaren paradigmatzat jotzen dituena. Artista eta intelektual horiek Gertrude Steinek eta haren idazkari eta bikotekide Alice B. Toklasek 27 rue de Fleurusen zuten apartamentuan biltzeko ohitura zuten. Izan ere, idazle izateaz gain, mentore lanak egiten zituen Steinek.
Allenen filmean, baina, artista horietako batek besteek baino presentzia handiagoa du: Ernest Hemingwayk (1899-1961). AEBetako idazlerik maskulinoena-ri halako izendapena irabaziarazi zion jarrera ezin hobeto azaltzen zaigu filmean. Une batean Juan Belmonte toreatzailearekin agertzen zaigu, zezenez eta potroez hitz egiten. Beste batean, Picassori amorantea lapurtu egin diola esaten zaigu. Alkohola, noski, uneoro presente dago. Allenek, baina, Hemingwayk irudikatzen duen gizontasunaren paradigma konplikatu egiten du, gutxitan aipatu ohi den xehetasuna agertuz:Steinek Kansas city-boy brutality (Kansaseko hiri-mutilaren indarkeria) gisa deskribatu zuen jarrera desagertu egiten da Hemingwayk 27 rue de Fleuruseko etxeko jabea aurrean duenean.
Bere buruaz beste egin zuela 50 urte bete diren honetan, Hemingway zein haren lana hizpide duten hainbat lan eta ekoizpenek ikusi dute argia azken hilabeteotan. Datuak, berez, ez du ezer berezirik adierazten. Baina zera da deigarria: lan horietako gehienek Hemingwayk emakumeekin zuen harremana aztertzen dute, dela haren emazteen ikuspuntutik (Gioia Dilibertoren Paris Without End: The True Story of Hemingway's First Wife biografia dugu horren adibidetako bat) dela haren nobeletako emakumezko pertsonaiei erreparatuz. Ematen zuen feministek Hemingwayri eta haren lanari buruzko azken hitza esana zutela, baina, antza denez, oker geunden. Oraindik ere, idazle estatubatuarraren gizontasunak zer esan handia ematen du. Tamalez, azterketa horietako gehienek ez dute jadanik ez genekien ezer aipatzen. Hemingway gizona deseraikitzea dute helburu, baina ez diete beren buruei galdetzen zergatik den Hemingwayren gizontasuna hain gai errepikaria, zergatik haren jokabide matxistari buruzko zertzelada guztiak jakin arren behin eta berriro itzultzen garen gai berera.
Midnight in Paris filmeko eszena laburrean, Hemingway eta Steinen arteko topaketa horretan, bada zerbait aipatu lanek azaltzen ez dutena: Steinekin denean, Hemingwayk bere gizonetan gizon rola alde batera uzten du. Idazlea hezur-haragizko gizon moduan irakurtzeari utzi, eta, horren ordez, hark irudikatzen duen diskurtsoari helduko bagenio, berehala ohartuko ginateke filmeko eszena horretan eten une bat gertatzen dela, zeinaren bidez agerian geratzen den diskurtso patriarkalaren antsietatea. Stein emakumea da, baina ez Hemingwayk sostengatzen duen diskurtsoak kontenplatzen duen emakume ereduaren modukoa. Lesbiana ez ezik (ez du gizon baten beharrik izan izateko), botere egoera batean dago: berak erabakitzen du zer den (literatura) ona, eta zer ez den. Steinen jarrera mehatxu bat da diskurtso patriarkalarentzat, haren zilegitasuna zalantzan jartzen duelako, eta hortik dator, hain zuzen, antsietatea.
Hemingwayk jakin bazekien XX. mendeko lehen herena ez zela gizon izateko garairik onena. Gerrak eragindako hondamen psikologikoa, joera sexualei buruzko diskurtsoen ugaritzea... Hala ere, bere gizontasunari eutsi zion berak, gizonetan gizonena balitz bezala agertuz.
Literatura
Hemingway deseraikitzen
Woody Allenen 'Midnight in Paris' filmarekin hasita, hainbat dira egilea haren heriotz urteurrenean gogora ekarri duten lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu