Gaur izango da Henry Bengoa Inventarium obra Hendaian, Variete zinema aretoan (20:30). 25 urte iragan dira Bernardo Atxagak, Joxemari Iturraldek, Ruper Ordorikak eta De la Casa anaiek Hego Euskal Herriko txoko ugaritan ikuskizun poetiko hori lehen aldiz oholtza gainera eraman zutenetik. Hendaiako Mugati elkarteak Atxagari egin proposamenari esker, berriz ere ikusteko parada izanen dute duela 25 urte ikuskizun arrakastatsuaz gozatzeko aukerarik izan ez zutenek. Ez dute beste ekitaldirik aurreikusten.
Bi berrikuntza nagusirekin dator oraingoan Henry Bengoa Inventarium ikusgarri poetikoa, Hasier Etxeberria, Mugati elkarteko kideak azaldu duenez. "Hamabost minutuko testu berri bat estreinatuko da, Bernardo Atxagak idatzitakoa". Xabi Strubellek jarriko dio musika saioari. "Duela 25 urteko ikuskizunean, De la Casa anaiek eta Ruper Ordorikak jo zuten musika. Oraingoan, Strubellek eginen du. Era horretan, diziplina artistiko eta belaunaldien arteko nahasketa bat lortuko dugu. Harrigarria izanen da Strubellek proposatuko duena, askatasun guztiarekin aritu baita lanean", azaldu du Etxeberriak.
Atxagak, Iturralde eta Strubell ariko dira gaurko saioan.
Obra aitzindaria
1987an, Bernardo Atxaga egileak Henry Bengoa Inventarium ikuskizuna sortu zuelarik, biziki aitzindaritzat jo zen sortu lana. "Lehen aldietakoa izan zen olerkia modu horretan oholtza gainera eramaten zela. Bidea ireki zien ondotik etorri diren ugariri. Gainera, ez zen bistakoa horrelako maila literario jasoa zeukan zerbait ibil zitekeenik", esan du Etxeberriak.
Saioan, Alemaniara joana den Henry Bengoaren historia kontatzen da. Haren lagunek, Bengoaren berririk ez izanik, Alemaniara joateko erabakia hartzen dute, eta bertan, Bengoaren bizi, maitasun istorio eta korapilo ugariak aurkitzen dituzte modu berezi batean. "Zatika osatua da istorioa, osotasun baten barnean kokatzen direla atalak. Ikusleak osatzen du istorioa, obrak eman elementuen bidez. Detektibe gisa ikuslearen ahalek kontatzen dute", dio Bakartxo Arrizabalaga Mugati elkarteko kideak —Hendaian euskararen presentzia zabaltzeko sortu berri den elkartea da Mugati—.
BERRIA Telebista gaurko saioan izango da, eta bideo bat egingo du.