Azken urteotan Argentinako zinemagintzak bizi duen garai gozoaren adibide berria da Sin retorno. Iaz Valladolideko Seminci jaialdi ezagunean aurkeztu eta sari nagusia irabazi zuen Miguel Cohanen lanak, Abbas Kiarostamiren Copie Conforme-rekin batera. Ez zen hori izan lortu zuen sari bakarra, zuzendari berriaren eta kritikak ematen duen Fipresci sariak ere eskuratu baitzituen.
Cohanen lehen film luzea da, eta Ana arrebarekin batera idatzi du gidoia. Hala ere, Cohanek esperientzia luzea du zinemagintzan. Besteak beste, Marcelo Piñeyroren zuzendari laguntzailea izan da urtetan, haren filmografia ia osoan: Cenizas del paraíso, Plata quemada, Kamchatka eta El método. Piñeyroren itzala ikusi ahal da Sin retorno-n.
Claude Chabroli gertatzen zitzaion bezala, Cohani ere krimenaren eta klase ertainaren arteko harreman berezia interesatzen zaio. Istorioaren abiapuntua zirkulazio istripu bat da, zeinean gazte bat hilko den. Istripuaren erantzuleak ihes egin eta bere ohiko bizimoduarekin segituko du. Baina hildakoaren aitak kanpaina handia jarriko du abian semearen hiltzailea aurkitzeko. Gazte bat atxilotuko dute, baina hark ez du zerikusirik izan istripuarekin, hutsegite larri bat da. Hortik aurrera Sin retorno errua eta erantzukizunaren inguruko istorioa da, betiere polizia thriller moduan kontatuta.
Barbara Goenaga da aktore nagusietako bat, Leonardo Sbaraglia eta Federico Luppirekin batera.
'SIN RETORNO',
Zuzendaria: Miguel Cohan.
Aktoreak: Leonardo Sbaraglia, Federico Luppi, Barbara Goenaga, Martin Slipa.
Herrialdea: Argentina.
Iraupena: 104 minutu.
Estreinaldia: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Heriotza eta erantzukizuna
Miguel Cohan argentinarraren lehen film luzea da 'Sin retorno' izeneko 'thriller' ilun eta saritua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu