Herri literaturari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Bilbo Zaharra Forumek

Lau emanaldik osatuko dute egitaraua, eta Ornitorrinkusek eskainiko du lehen saioa, etzi

Xabier Erkizia, Maialen Lujanbio eta Judith Montero Ornitorrinkuseko kideak. JON URBE / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Oroimenean oinarritzen den eta ahoz aho transmititzen den literatura motari leku egingo dio Bilbo Zaharra Forum eztabaidaguneak otsailetik aurrera. Ahozko literatura eta musika —bertsoak eta kantuak— uztartuz, bertsolaria eta musikaria elkartuz, lau saio antolatu dituzte. Batzuetan, bikote edo hirukote artistikoa aurrez osatua dago; beste batzuetan, antolakuntzak berak elkartu ditu.

Maialen Lujanbiok, Judith Monterok eta Xabier Erkiziak osaturiko Ornitorrinkus egitasmoak emango die hasiera herri literaturari buruzko jardunaldiei, etzi, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Musika garaikideak, elektronikak eta bertsoak elkar hartuta osaturiko emanaldia da Ornitorrinkusena. Performance-aren, kontzertuaren eta happening-aren artean kokatzen da saxofoia, elektronika eta ahotsa tresna dituen ekimena.

Xabier Amuriza bertsolariak eta Kepa Junkera musikariak osaturiko bikoteak Betibizi, zaharra berri emankizuna eskainiko du astebete geroago, otsailaren 10ean. Amurizak bildutako kopla zaharrei trikitiaren atmosfera—alai orain, nostalgiko gero...— gehituko die Junkerak. Proposamen berria da, iragana eta oraina batu eta etorkizuneko bideak iragartzen dituena.

Ander Lipus antzezleak bufoiaren papera jokatuko du, eta Jon Maia bertsolariak, berriz, erregearena, otsailaren 17an eskainiko duten Erregea eta bufoia emanaldian. Erregea hainbat pertsonaiaz baliatuko da bufoiaren hitzei aurre egiteko, eta bufoiak, berriz, erregearekin jolastu nahi izango du, burla eta trufa eginez; baina ez du lan erraza izango, bertsolaria errege baita hitzarekin jolasean.

Amets Arzallusek, Odei Barrosok eta Sustrai Colinak emango dute jardunaldietako azken ikuskizuna, Bertsoen zirrikituetan barrena, martxoaren 3an. Bertsolaritzaren baldintza eta ezaugarri propioen inguruan jardungo dute hiru bertsolariek. Bat-batekotasuna, musikaren eta hitzen koordinazioa eta abar azalduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.