Literatura

Herta Mullerren solasaldiarekin hasiko da gaur Gutun Zuria jaialdia

Gao Xingjian, Orhan Pamuk, Claudio Magris eta Ramon Saizarbitoria idazleak izango dira, besteak beste, Letren Bilboko Festibalean.

mikel lizarralde
2014ko martxoaren 27a
08:13
Entzun

Herta Muller idazle errumaniar eta 2009ko Nobel saridunak Cecilia Dreymullerekin izango duen solasaldiarekin hasiko da gaur iluntzean (20:00) Gutun Zuria, Letren Bilboko Jaialdia. Aurretik, Matxalen Bilbao dantzariak Self ikuskizuna eskainiko du Alondegian, literatur topaketa guztiak egingo diren gunean.

Gutun Zuria jaialdia egingo den zazpigarren aldia da aurtengoa, eta antolatzaileek izen handiko egileak biltzen dituen egitaraua prestatu dute, guztiek ere Mugako kontakizunak gaiaren inguruan hitz egin dezaten. Mullerrez gain, beste bi Nobel saridun izango dira jaialdian: Gao Xingjian txinatarra —2000. urtean eman zioten Suediako Akademiako saria— eta Orhan Pamuk turkiarra (2006). Eta horiekin batera, atzerriko beste bi idazle ezagunek ere hartuko dute parte Gutun Zurian, Claudio Magris italiarrak eta Juan Goytisolo kataluniarrak. Guztiek hitz egingo dute "erregimen totalitarioen kartzela fisiko eta buru barrukoez, eta baita biztanleria mugimenduez ere". Juan Goytisolo, adibidez, erlijioen arteko gatazkez eta kulturen arteko talkaz ariko da, eta Lydia Cachok nahiz Sergio Gonzalez Rodriguezek Mexikoko mugetan  emakumeen kontrako indarkeria nola bizi duten kontatuko dute.

Euskal idazleak ere izango dira Gutun Zurian. Larunbatean Txomin Peillen Arantxa Iturberekin ariko da solasean, eta egun berean, Iñaki Mendizabalek Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarin elkarrizketatuko ditu. Apirilaren 4an, bestalde, Ramon Saizarbitoria izango da Gutun Zuriaren protagonista. Martutene-ren egilearekin ariko da hizketan Arantxa Urretabizkaia. 

Gutun Zuria apirilaren 6ra arte egin da. Hemen dago egitaraua ikusgai. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.