Hesi elitisten aurkako kantu

Poeten hitzak eta berak sorturikoak kantatu zituen Latinoamerikako askatasun aldarriak zabaltzeko: 'A desalambrar' himnoa, kasurako. Urriaren 30ean zendu zen Daniel Viglietti.

Daniel Viglietti musikari uruguaitarra (1939-2017), atzean Mario Benedettiren irudia duela. JUAN MAZZONI / EFE.
gorka erostarbe leunda
2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Etxetik zetorkion musikarako zaletasuna. Lyda Indart pianista zuen ama; Cedar Viglietti gitarra jotzailea aita. Musika klasikoa eta herrikoia sehaskatik jaso zituen Daniel Vigliettik (Montevideo, 1939-Montevideo, 2017). Gitarra ikasketak egin zituen Atilio Rapat eta Abel Carlevaro maisu izanik. Kontzertista izateko hezkuntza jaso zuen, baina 1960etako hamarkadatik aurrera, musika herrikoira bideratu zuen bere jarduna. Uruguaiko musika folkloriko popularraren ikurretako bat bilakaturik eman zuen azken hatsa; iragan berri den urriaren 30ean zendu zen, 78 urte zituela, ebakuntza batek eragindako kalteen ondorioz.

Tresnatzat musika hartuta, hamaika jarduera uztartu zituen Vigliettik 1960ko hamarkadan. Kantugile eta konpositore, irakasle eta irrati esatari aritu zen, kezka soziopolitikoek astindutako mobilizazio herrikoiak geroz eta ugariagoak ziren Uruguai hartan. Marcha astekarian parte hartu zuen, eta Nemus Musika Hezkuntzarako Nukleoa sortu eta zuzendu zuen. 1963koa du estreinako diskoa: Impresiones para canto y guitarra y canciones folclóricas.

Estreinakotik aurrera, eta 1973ra bitartean, sorkuntza oparoa izan zuen, dozena erdi disko inguru argitaratu baitzuen: Hombres de nuestra tierra (1964; Juan Capagorry narratzailearekin batera); Canciones para el hombre nuevo (1968); Canciones para mi América (1968), Canto libre (1970), Canciones chuecas (1971) eta Trópicos (1973). Nortasun sozial sendoa hartu zuen bere obrak, ezkerreko konpromisoak bere eginez, eta hitzetan Urugai eta Latinoamerikaren borroka popularrak islatuz. Himno bilakatu zen, esaterako, Vigliettik berak sorturiko A desalambrar kantua, Kubara egindako bidaia baten ondoren sorturiko Canciones para el hombre nuevo diskoan jasoa.

Harreman estua izan zuen hasieratik espainieraz idazten zuten idazleekin, eta haien poemak musikatu zituen: Liber Falco (Yo nací en Jacinto Vera), Cesar Vallejo (Pedro Rojas, Masa), Circe Maia (Otra voz canta), Nicolas Guillen (No sé por qué piensas tú,Me matan si no trabajo), Rafael Alberti (Mi pueblo, Coplas de Juan Panadero, Remontando los ríos) eta Federico Garcia Lorcarenak (Remansillo, Dos baladas amarillas), besteak beste.

Sorkuntza etena erbestean

Ezkerreko mugimenduen aurkako errepresio oldarraldiaren testuinguan atxilo hartu zuten Daniel Viglietti, 1972an. Urtebete geroago emango zuten estatu kolpea eta ezarriko zuen diktadura militarra Uruguain Juan Maria Bordaberryk. Argentinara atzerriratu zen aurrena Viglietti, eta Frantziara alde egin zuen hurrena. 11 urtez bizi izan zen han. Erbestean zela sorkuntza albo batera utzi zuen, eta, batez ere, kazetaritzara eta irratigintzara bideratu zuen bere lana. Latinoamerikako musika eta kantuak jaso, ikertu eta bildu zituen. Memoria Sonora de America Latina izendatu zuen bere musika artxibo erraldoia. Zuzeneko emanaldiak ere egin zituen urte horietan munduan barrena, Uruguaiko eta Latinoamerikako hainbat herrialdeetako egoera salatuz, batez ere.

Vigliettiren erbesteratzea 1984ko irailaren 1ean amaitu zen, Montevideora itzulita. Herritar andanak egin zion ongietorria. Hura izan omen zuen bere ibilbideko «egunik hunkigarriena».

Berriro kantuak sortzen eta plazaratzen hasi zen orduz geroztik, eta oihartzun nabarmena izan zuten Mario Benedetti idazlearekin batera A dos Voces izenpean ondutako bi lanek, 1985ean eta 1987an. Biak atzerriratuak zirela egindako hainbat emanaldi jaso zituzten disko horietan.

Urte askotan ezinezkoa izan zen diktadura aurreko Vigliettiren diskoak eskuratzea; Orfeo zigilua beste interes batzuk zituzten etxe multinazionalek erosi baitzuten. Baina, 1999an, epaiketa luze baten ondoren, bere egile eskubideak berreskuratu zituen Vigliettik. Eta berriro plazaratu ahal izan zituen bere lanak. Devenir (2004) eta bere kantu ezagunenetako batzuk biltzen dituen Trabajo de hormiga (2008) izan ziren bizian plazaratu zituen azken lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.