Literatura. Agente literarioen lana

Hezurmamitu ez den figura bat

Agente literario profesionalaren figura ez da sendotu euskal literaturaren sisteman. Kanpoko argitalpenetarako baino ez dute jotzen euskal idazleek agenteengana, eta horretarako ere kanpoko agenteak darabiltzate ia beti.

BERRIA.
Juan Luis Zabala
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Idazle profesionalak zein amateurrak, idazle zaharrak zein gazteak, idazle kanonikoak zein outsider-ak, itzultzaileak, argitaletxe txikiak eta handixeagoak, kritika akademiko unibertsitarioa eta hedabideetako kritika, irakurleak eta irakurle klub edo taldeak, urteroko hitzordu sendotuak, presentzia Interneten eta sare sozialetan, askotariko elkarteak, are telebistako saio bat ere… Elementu bakoitzaren indarra handia den edo ez alde batera utzita, badirudi falta behintzat, erabat falta, ezer gutxi falta zaiola «euskal literaturaren sistema» deitzen denari. Baina badu erabat hezurmamitzen ez den estamentu edo figura bat: agente literario profesionalarena.

Alejandro Zugaza buru duela, Ikeder izan da orain artean euskal idazleekin lan egin duen agentzia literario bakarra, eta hark ere oso modu mugatuan egiten du lan gaur egun: idazleekiko kontratu finkorik gabe, aholkularitza eta bestelako laguntza puntualak eskainiz, eta gehienbat Euskal Herritik kanpo argitaratzeari begira. Berez, agente literario bat baino gehiago, idazleei laguntzen dien adiskide bat da Zugaza. Agente literario baten zerbitzuak kontratatzen dituzten euskal idazle bakanek kanpoko agente literarioengana jotzen dute ia beti, eta haiengana ere soilik itzulpenen zabalkundeari begira. Euskal Herriko argitaletxeekiko tratuak, aldiz, inongo agenteren bitartekaritzarik gabekoak dira.

Duela 20 urte inguru, 90eko hamarkadaren erdialdean, hasi zen Alejandro Zugaza agente literario lanetan, Bernardo Atxagarekin beste kontu baten inguruko bilera bat izan ostean. «Hizketan hasten nintzaion bakoitzean telefonoak jotzen zuen», ekarri du gogora Zugazak. «Ezinezkoa zen aurrera egitea. Orduan esan nion ezin zuela horrela jarraitu, idazle izateari zegozkion zeregin batzuk inoren eskuetan utzi beharra zeukala, idazteko lanean zentratuko bazen».

Garai hartan Zugaza jabetua zen galizieraz eta katalanez idatzitako liburu batzuk gaztelaniara itzultzen zirela, baina euskarazkorik ez, «euskaraz sortutako literatura haien parekoa edo are hobea izan arren». Kezka horrek eragiten zion ezinegonak ere agente lanetan tematzera bultzatu zuen.

Idazlea eta merkatua

Bernardo Atxagaren ondotik, beste hainbat idazle eta ilustratzailek ere izan zuten Alejandro Zugaza agente literario, edo jo zuten bederen harengana agente literarioaren lana eginez lagun zitzan: Anjel Lertxundi, Asun Balzola, Mikel Valverde, Miguel Sanchez-Ostiz, Patxi Zubizarreta, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe… Zugazak askotariko enkarguak bideratu eta helarazi zizkien sortzaile horiei guztiei; eta merkatua ezagutzen eta merkatu horretan leku bat egiten lagundu zien.

«Idazlea mundu erromantiko batean bizi da», dio Zugazak, agente literarioaren zeregina azaltzeko. «Ezagutzen du bere ahalegina, ezagutzen du zer mezu eman nahi duen. Baina bestaldean merkatu bat dago, industria hutsa; inprentak martxan jartzen dira, industriako makinak… Eta une jakin batean industriak adierazten diona ulertaraziko dion bitartekari bat behar du idazleak».

Hura agente literario izan zuen garaian, 2003an hasita hainbat urtez, Alejandro Zugazak «argitaletxe eta editore egokiengana» bideratu zuela du gogoan Zubizarretak. «Ez nuen kontratuei buruzko neke handiegirik behar, eta harekin egon nintzen aldian liburu mordoxka argitaratu nuen gaztelaniara, katalanera eta galizierara itzulita».

Akuilu eta adore emaile

Harkaitz Cano ere 2003an hasi zen Zugazarekin harremanetan. Berehala iritsi zitzaizkion, haren bitartez, hainbat enkargu; baita Beluna jazz eleberria gaztelaniaratuta Seix Barral argitaletxearekin argitaratzeko aukera ere. «Egia esanda, haur literatura idaztea niri burutik pasa ere ez zitzaidan egiten Zugazaren bidez lehen enkarguak jaso nituen arte», aitortu du Canok. «Neurri batean, beraz, bitartekari lanaz gain, akuilu izatea eta genero berrietara bideratu izana ere zor diot».

Beste idazle batzuentzat ere akuilu izan da Zugaza. Idazleei merkatuaren munduan sartzen eta merkatua ezagutzen laguntzeaz gain, adorea emanez ere lagundu eta babestu baititu, gazteenak batez ere. Hori da behintzat Kirmen Uribek, bere eskarmentuan oinarrituta, duen iritzia: «Alejandrok [Zugaza] egiten duen beste lan bat, batez ere idazle gazteekin, orain modan dagoen hitz bat erabiliz coaching lana esango genukeena da: idazlea animatu, idazleari bere buruarengan sinesten lagundu, konfiantza eman. Uste dut lan hori oso ondo egin duela beti. Ematen du tontakeria bat dela, baina idazleak behar izaten du laguntza hori».

Zugaza «trebea da egilea motibatzen, izan errezitaldiak presta ditzan, izan gidoi horiek edizio xume baina erakargarrietan argitaratzen», Zubizarretaren ustez. «Eta trebea, baita ere, egilea mugiarazten. Nazioartean ibili nintzen aldi bakanetan, oso kontziente nintzen Atxagaren itzalean bidaiatzen nintzela, eta Alejandrok konfiantza erakusten zuen norberarengan. Eta hori, bakarrean lan egiten dugunontzat, beti da akuilagarria. Ezin dut ukatu betiere pudore hori banuela, hau da, nire aurretik, merezimendu handiagoz, beste batzuek egon behar zutela, baina egoera horixe zen, prezioa ere horixe zen bezala».

Fakturazio handirik ez

Baina Zugaza ez da inoiz agente profesional bilakatu. Agente literarioaren zerbitzua Zugazak zuzendutako enpresak —Ikederrek— eskaintzen duen zerbitzu ugarietako bat baino ez da, eta zerbitzu guztien artean inondik ere ez fakturazio handienekoen artekoa. Une honetan Zugazak ez du kontratu finkorik inongo idazlerekin. «Kirmen Uriberen kasuan, adibidez, aholkularitza lana egiten diot batzuetan», azaldu du Zugazak, «edo gestio jakin batzuk kobratzen dizkiot, edo ezer kobratu gabe egin bestela. Harkaitz Canori ere laguntzen diot tarteka. Adiskide bat da batez ere, eta harentzat interesgarria dela iruditzen zaidan edozer gauzaren berri dudanean deitu egiten diot. Gaur egun agentzia literario gisa ez dugu ia ezer fakturatzen. Baina jarraitzen dugu laguntza ematen ahal dugun neurrian».

Soilik itzulpenen kanpoko zabalkunderako erabiltzen dituzte euskal idazleek agente literario profesionalak, eta horretarako kanpoko agenteengana jotzen dute kasurik gehienetan. Margarita Perellok egin ohi du lan, adibidez, Bernardo Atxagaren liburuekin; Bernat Fiolek, Harkaitz Cano eta Eider Rodriguezenekin; Kirmen Uribek Espainia, Galizia eta Herrialde Katalanetako argitalpenetarako kontratuak egiten dituenean jotzen du Zugazarengana, baina Espainiako Estatuko mugetatik kanpoko kontratuetarako beste bitartekari batzuk eta beste bide batzuk ditu.

Argitaletxeekiko gertutasuna

Nahiz eta oztopo handiena —oinarrizkoa eta funtsezkoa, ezin ukatuzkoa— negozio bolumenaren urritasuna izan, euskal literaturaren sisteman agente literario profesionalaren figurak garapena izan dezan oztopatu duen faktoreetako bat euskal idazleen eta argitaletxeen artean nagusitu den gertutasun eta konfiantzazko harremana da. Kirmen Uribek, adibidez, ez du inolako arazorik izaten Euskal Herriko argitaletxeekin kontratuak agenterik gabe egiteko. «Elkar eta Susa argitaletxeekin oso harreman zuzena daukat. Euskal Herriari begira, ez dakit behar den agenterik».

Bestelako dinamika bat beharko litzatekeela uste du, ordea, Zugazak: «Hemen idazleek zuzeneko harremana izaten dute argitaletxeekin, eta esaten dizute badakitela ez dituztela engainatuko. Nik esaten diet ez dela hori kontua, ez dudala uste engainatu nahi dituztenik, baina komeni zaiela kontu horietaz ahaztea eta idazteko lanean zentratzea. Gainera, zeinek daki beste pertsona batzuk ez diren egongo lanean bi edo hiru urte barru argitaletxean. Ezer sinatuta ez badago, gero egongo direnek ez dute izango aurretik zeudenekin zegoen hitzezko konpromisoa errespetatzeko inongo obligaziorik».

Idazleen eta argitaletxeen arteko gertuko harremanaren ondorioz, «argitaletxeak bihurtzen dira idazleen agenteak», Zugazaren ustez, eta hori kaltegarria izan daiteke idazleentzat. «Idazle askok argitaletxe batekin sinatzean gaztelaniazko itzulpenen salmenta ere argitaletxe horri uzten diote. Hemen argitaratutako euskarazko liburu baten itzulpena Alfaguara, Anagrama, Random House edo gisako argitaletxe batera eramatekotan, normalena da pertsona independente batek eramatea, obraren alde dagoen pertsona batek; ez argitaletxe batek. Argitaletxeek askotan konformatzen dira itzulpena argitaratzearekin eta horren berri ematearekin, gero hura behar bezala promozionatu gabe. Merkatua saltzeko da».

Agente gehiagoren premiaz

«Onuragarria litzateke», Zubizarretaren ustez, «Euskal Herrian agente literario gehiago egotea, izaera desberdinetakoak, agenda desberdinetakoak». Zugazak bezala, argitaletxeak idazleen eta haien liburuen alde egitera behartuko lituzketela uste du. «Duela urtebete Euskal Herrian ibilitako beste agente batekin egon nintzen eta argi esan zidan gure lana oso gaizki promozionatzen dugula. Argitaletxeekiko oso kritikoa zen zentzu horretan. Beharbada editoreek Frankfurten egiten duten ahalegina gehiago zaindu behar da, adibidez. Alde horretatik begiratuta, Etxepare Euskal Institutua oso zubi lan interesgarria egiten ari da. Zer hoberik egilea bera eramatea baino? Nire lanekin, zentzu horretan, oso esperientzia ederrak bideratu ditu Poloniako Amaia Dones lektoreak».

Nolanahi ere, agentearen interesak eta idazlearenak bat ez etortzea ere gerta daitekeela ohartarazi du Canok: «Salmentaren portzentaje bat jasotzen duenez, agentea beti saiatuko da argitaletxe ahalik eta handienak eta aurrerapen ahalik eta handienak lortzen. Idazleak, ordea, nahiago du askotan bere liburua harekiko afinitate minimo bat sentitzen duen argitaletxe baten mimoz atera; eta ez derrigorrez, agenteari komeni zaion moduan, beti argitaletxerik handienean».

Canoren ustez, «kontsumo literatura egiten dutenentzat edo best seller-en egileentzat» da bereziki onuragarria agente literarioen lana. «Gainerakoontzat, merkatuarentzat hain interesgarri ez garenontzat... nire zalantzak ditut. Poetak, adibidez, nekez izango du —nekez beharko du— agente bat. Agente bati ez zaizkio poema liburuak interesatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.