Ez Harry Potter, ez Indiana Jones, ezta mister Spock bera ere. Zinemagintzako pertsonaiarik beteranoena maiestatearen zerbitzura dagoen agente sekretu harroxko eta matxista da. Haren abizena Bond da. James Bond. Dagoeneko herri kulturaren ikono bihurtu da 1953an Ian Flemingek sortu zuen pertsonaia.
Joan den hilabetean 50 urte bete zituen Bonden ispilu zinematografikoak. 1962ko urrian Doctor No izeneko filma estreinatu zuten Londresen. Mitoaren hasiera izan zen ordukoa. Terence Youngek zuzendu zuen pelikula, eta Bondena egiten Sean Connery gaztea zegoen. Filmak dagoeneko sailaren ezaugarri nagusiak biltzen zituen, eta izandako arrakastak ahalbidetu zuen horren jarraipena.
Young-Connery bikoteak elkarlanean segitu zuen hurrengo hiru urteetan etorri ziren beste bi filmetan, From Russia with Love eta Thunderball-en. Horren ondotik, zuzendariak saila utzi zuen, baina Conneryk segitu egin zuen zuzendari berrien esanetara.
Bond sailak jakin izan zuen egoera eta moda berrietara moldatzen, eta, askotan hil-kanpaiak entzun dituen arren, arduradunek jakin izan dute interesa berpizteko modua bilatzen.
Urteen poderioz, zenbait gauza aldatu badira ere, oinarrizko ezaugarriak gorde izan ditu pertsonaiak: Bonden izaera da amu nagusia, eta, horrekin, erotismo light, akzio sekuentziak, espioitzaren glamourra eta gaizto gorrotagarriak. Osagai horiek koktelontzi berean sartuta berrogeita hamar urtean iraun duen eta hogeita bi film eman dituen formula mirarigarriaren sekretuak dira.
Bond berria
Connery izan zen lehen Bond; hura izan zen onena, autentikoena. Haren ondotik beste batzuk etorri ziren: George Lazenby, Roger Moore, Timothy Dalton eta Pierce Brosnan. 2005ean, Bond haragituko zuen aktore berri baten bila abiatu ziren ekoizleak.
Izen asko izan ziren denen ahotan, eta, azkenean, Daniel Craig izan zen aukeratutakoa. Ilehoriegia batzuentzat, gihartsuegia besteentzat, jasandako kritika gehienak isilarazi zituen 2006ko Casino Royale-rekin. Gaur egun, inork ez du auzitan jartzen bera dela XXI. mendeko Bond berria, eta, ziurrenik, luzerako.
Aktorea protagonista gisa finkatuta, film berriak duen berezitasunik nagusia zuzendariarena da. Sam Mendes britainiarra da Skyfall gidatu duen zinemagilea. Hura aukeratu izanak harridura nahikotxo eragin zuen hasieran; izan ere, orain arte pelikula serioak egin izan ditu Mendesek, sekula ez akzioarekin lotutako frankiziarik. Bereak ditu, besteak beste, American Beauty saritua, Road to Perdition film beltza eta Revolutionary Road drama mardula.
Craig bera izan omen zen Mendesen izena proposatu zuena, eta, askoren harridurarako, horrek baietza eman zuen. James Bonden miresle handia da gaztetatik,eta miresmen horrek bultzatu zuen erronka onartzera.
Aktoreei dagokienez, Daniel Craigek Javier Bardem, Ralph Fiennes, Albert Finney eta Judie Dench ezagunak izan ditu alboan. Azken horrek garrantzi berezia du Skyfall-en. Berriro ere M.-ren rola jokatu du aktore beteranoak, James Bonden nagusi misteriotsuarena. Bien arteko konfiantzazko harremana pitzatzen hasiko da, M.-ren iragan ilunaren erruz. Mehatxua nondik datorren jakin nahiko du Bondek, eta hura deuseztatu, ordaindu beharreko prezioa edozein delarik ere.
Aldi berean, M16ko egoitzak eraso bat pairatuko du. M.-k beste norabait eraman beharko du agentziara, eta egoera hori baliatuko du Mallory agentziako presidenteak bere boterea eta eragina handitzeko. Barne eta kanpo mehatxuen erdian, M.-k konfiantza duen pertsona bakarrarengana joko du, James Bondengana. Agentea desagertuko da, zer gertatzen ari den argitzeko asmoz.
'SKYFALL'
Zuzendaria: Sam Mendes.
Aktoreak: Daniel Craig, Judi Dench, Javier Bardem, Ralph Fiennes, Naomie Harris, Berenice Marlohe, Albert Finney, Ben Whishaw, Rory Kinnear, Ola Rapace.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2012.
Iraupena: 142 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Hiltzeko lizentzia berritu diote
Berrogeita hamar urte egin ditu James Bondek, eta Sam Mendesek zuzendutako 'Skyfall'-ekin ospatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu