Joan den ostiralean amaitu zituzten aurtengo Praileaitzeko indusketak (Deba, Gipuzkoa), eta garrantzizko aurkikuntza bat egin dute bertan: Praileaitz I haitzuloak garai batean zuen beste sarrera bat aurkitu dute bertan lanean aritu diren arkeologoek. Hala, leizeak gutxienez bi sarrera zituela egiaztatu dute, eta Xabier Peñalver Aranzadiko kideak baieztatu du, gaur goizean Donostian egindako agerraldian, orain arte ezagutzen zena ez zela sarrera nagusia.
Haitzuloaren barnetik kanpora egin dute aurkikuntza, eta horrek Debako leizea uste baino konplexuagoa dela erakusten du. Izan ere, uste dute handia izan daitekeela sarrera aurkitu berria. Bestalde, ikuspegi arkeologikotik, aukera handia ematen du atondoaren eskuinean dagoen galeria berrian aurkitutako material zaharren jatorriko aztarnategia aurkitzeko. Ondoriozta daiteke, beraz, berriki aurkitutako sarreran zegoela jatorrizko aztarnategia, sarrera aldean biltzen baitziren Paleolitoko gizakiak, eta ez kobazuloen barne-barnean. Modu horretan, beste aukera bat zabaltzen da orain, ongi kontserbatuta badago, jatorrizko aztarnategia aurkitzeko; bai Goi Paleolitokoa (duela 10.000 eta 35.000 urte), bai Moustier aldikoa (duela 45.000 eta 180.000 urte).
Aurkitutakoaren garrantzia kontuan harturik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaera bat egin dio Eusko Jaurlaritzari: Praileaitzen inguruko babes eremua zabal dezala indusketa behar moduan egin ahal izateko, eta lehenets dezala ondarearen garrantzia beste kontsiderazio eta interes ekonomikoen aurretik; hala, datorren urterako aurrekontuen diru saila handitu dezatela eskatu dio.