Zinemaldia

Hirokazu Kore-edak hunkituta jaso du Donostia saria

Ekoizle japoniarrak bere "musa" izan den eta hilaren 15ean hil zen Kirin Kiki aktorea izan du gogoan saria jasotzerakoan.

Hirokazu Kore-eda ekoile japoniarra, atzo, Zinemaldiko Donostia saria jasotzen. JUAN HERRERO, EFE
2018ko irailaren 24a
09:02
Entzun

Poza eta tristura nahastu zaizkio Hirokazu Kore-eda ekoizle japoniarrari Donostia saria jasotzerakoan. Esker ona agertu zuen saria jasotzeagatik, eta, malkotan, urteetan bere lanen "musa" izan den Kirin Kiki aktorea izan du gogoan. Irailaren 15ean hil zen, 75 urterekin. "Mila esker, badakit ez didazuela berriro emango", esan zuen, eta barreak eragin zituen entzuleengan. Sari banaketaren ondoren, Kore-edaren Manbiki kazoku / Shoplifters filma proiektatu zuten.

Kore-edak Cannesko Zinemaldiko Urrezko Palma jaso du aurten, baina aurretik ere ezaguna da Donostiako Zinemaldian. 1998an lehiatu zen lehenengoz sail ofizialean, After Life filmarekin. Beste hiru aldiz ere izan da Donostian: 2006an, Hanna filmarekin; 2008an Still Walking-ekin eta 2011n Kiseki-rekin. Azken horrek gidoirik onenaren saria jaso zuen.

Horrez gain, bi aldiz irabazi du ikusleen saria: 2013an Like Father Like Son lanarekin eta 2015an Our Little Sister filmarekin.

Kore-edak adierazi du oso gustura etortzen dela Donostiara. "Donostiara etortzen naiz, saritua izan ala ez, oso gustura sentitzen naizelako hemen. Uste dut neurri handi batean jaialdi hau egiten dutenengatik dela horrela; hiriko jendearen adeitasunarengatik, gastronomia ahaztu gabe. Uste dut Donostiara etortzeko jarraitzen dudala pelikulak egiten".

Ekoizle japoniarrak jakinarazi du hurrengo lanean murgilduta dagoela dagoeneko. Japoniatik kanpo ari da prestatzen hurrengo filma. Frantzian, zehazki. Aktore europarrekin grabatuko duela aurreratu du. Besteak beste, Juliette Binocherekin eta Catherine Deneuverekin. "Urrian hasi ginen filmatzen. Zinemaldi askotara noalako eta proposamen asko jasotzen ditudalako sortu zen proiektua. Ilusio handiz hartu dut, eta aktore horien mailan egotea espero dut".

Kore-edak aurten Donostian aurkeztu duen pelikula —Manbiki kazoku / Shoplifters— Perlak sailean ikus daiteke, eta ikusleen saria jasotzeko hautagaietako bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.