Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietakokultura diputatuek, Malentxo Arruabarrenak, Josune Ariztondok eta Maria Jesus Aranburuk, Eusko Jaurlaritzari deia egin diote «kulturaren egunez eguneko beharrizanei erantzuteko neurriak» berandu baino lehen hartzeko. Gobernuan daramatzan bi urteetan Patxi Lopezen taldeak kulturaren sektorea sustatzeko «ezer gutxi» egin duela uste dute.
Hala, txosten bat igorri diote eskatuzabian jar ditzan kultur politikak gidatuko dituen planaren, hau da, Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren (KAHK) zirriborroan jasotako zenbait ekimen. Izan ere, KAHKeko proposamen batzuk ontzat eman dituzte aldundiek, Juan Jose Ibarretxek gidatutako aurreko Jaurlaritzak ondutako Kulturaren Euskal Planean zeudenen «kopia» direla arrazoituta.
Txosten horren bitartez, halaber, zenbait eskaera helarazi dizkiote Blanca Urgellek zuzentzen duen Jaurlaritzako Kultura Sailari. Esate baterako, «hizkuntz politika integrala» egiteko eta, horrenbestez, «euskara plan osoan zeharkako lerro bezala kontuan hartzeko». Jaurlaritzaren KAHKen esaten denez, hizkuntzen arteko tolerantzia bermatu nahi bada, euskarazko kultura lehenesteari «ezinbestekoa» iritzi diote aldundiek.
Euskara eta espainiera pareko jartzen ditu KAHKek, eta ez du planteatu ere egiten espainierazkoaren aldean euskarazko sorkuntza indar handiagoz sustatzerik. Horregatik, zirriborrotik hainbat paragrafo kentzeko eskatu dute aldundiek; besteak beste, KAHKen helburua «euskarazko eskaintzak berez elebiduna den eta gerora elebiduna izaten jarraitu nahi duen gizartearen eskaerari erantzutea» dela dioenekoa.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru aldundietako kultura diputatuek joan den astean aurkeztu zuten Jaurlaritzari helarazi dioten txostena, Bilbon egin zuten agerraldi bateratuan. Eta salatu zuten KAHKen zirriborroan lege bi onartzea proposatzen dela, Kultura Eskuratzekoa eta Mezenasgo eta Babesari buruzkoa, hain zuzen. Kultura diputatuentzat «ulertezina da», ez bata ez bestea «ez baitira legegintzaldiko egutegian agertzen». «Jaurlaritzaren egutegiak kulturaren eremuko hiru lege aurkeztea jasotzen du —Artxibo, Dokumentu eta Ondare Dokumentalen Legea, Sailkatutako Kultura Ondasunaren Deklarazioaren Legea eta Euskal Kultur Ondarearen Legearen aldaketa—, eta horietako bakar bat ere ez da aipatzen KAHKean».
Orobat, Jaurlaritzako, aldundietako eta Eudeleko ordezkariek osatzen duten Erakundeen Arteko Batzordera behin baizik ez dituztela deitu kritikatu dute aldundiek, «eta dekretuak dio batzorde horrek gutxienez urtean lautan bildu behar duela». Batzorde horren jarduna galaraziz aldundien parte hartzea eragoztea egotzi diote Jaurlaritzari.
Erakundeen Arteko Batzordea Kulturaren Euskal Kontseiluaren parte da. Eta, hain zuzen, organo horri dagokio Jaurlaritzak aurkeztutako zirriborroa lantzea eta azken dokumentua eratzea.
Hala izanik, hainbat eskaera egin dizkiote aldundiek Kulturaren Euskal Kontseiluari.Besteak beste, genero eta gazteriari dagozkien zeharkako politikaktxertatzeko KAHKen.
Hiru aldundiek euskarazko kultura lehenesteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari
Kultura diputatuek zenbait ekarpen biltzen dituen txostena igorri diote, Herritartasun Kontratuan jaso ditzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu