Agindu bezala, iritsi da aurten ere «euskal zinemaren» gai santuaz hausnartzeko unea. Ez dugu oso atzera jo behar euskal zinema Zinemaldiko katalogoan azaldu ez edo fotokopia baten bitartez iragartzen zen egunetara. Orain, sail propioa eskaintzen zaio, eta ez da pelikulen erakusketa soila, aukeraketa egiten da eta leihaketa ospatu. Ez da seinale txarra.
Azken urteotan Zinemaldian erakusketan ari diren euskal pelikulak gainbegiratzean harro egoten hasteko arrazoiak baditugula iruditzen zait. Alor industriala eskas samarra bada ere, zinemagileek, formatu eta molde ezberdineko lanak egiteko grina eta adorea erakusten dute. Jean Vigo, Dziga Vertov, Jonas Mekas edo Maya Deren-en modukoek ez zuten industriaren beharrik izan zinema egiteko.
Euskarari eta euskal zinema delakoari egin dakioken faborerik handiena, euskarazko pelikula duinak egitea da. Munduko beste pelikulekin berdintasunean lehiatuko direnak. Bertoko jaialdian erakusteaz gain kanpoan ere erakutsiko direnak. Konplexurik gabe euskaraz filmatu eta munduko edozein hizkuntzetan azpititulatuko direnak.
Ez naiz berriro hasiko euskal zinema euskaraz filmatutakoa soilik ote den edo ez eztabaidatzen. Zuetako asko ez da nirekin ados egongo, baina niretzat ukaezina da Medem, Ulloa, Urbizu, Armendariz, Eloy eta Alex de la Iglesia, Malo, Barea, Kalparsoro eta beste zuzendari askoren lanek ere badutela beren txokoa euskal zinema deritzogun honetan. Badakit gai honek ertz ugari dituela, baina Alberto Iglesias, Anjel Illarramendi edo Pascal Gaigne musikoek egiten dituzten soinu bandak, zein zinema mapan kokatuko genituzke?
Gai honen inguruan eztabaida ugari sortuko da oraindik. Beharrezkoak ziurrenik. Baina eztabaida guzti horien gainetik dauden hiru errealitate ikusi ditugu egunotan. Bertsolari, Urte berri on, amona! eta Bi anai. Hiru begirada pertsonal. Beren kasa hitz egiten duten hiru film ezberdin. Zalaparta antzuen gainetik, euskarak eta euskal zinemak behar dutena.
Donostiako 59. Zinemaldia. Plano subjektiboa
Hiru errealitate
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu