Hiru berritasun garrantzitsurekin dator aurten Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azoka, hiru gune berri izango dituelako: Irudienea —ikusentzuneko sorkuntzaren erakusleihoa—, Eszenatokia —antzerki lanen gunea— eta Kabi@ — sarearen eta euskal teknologiaren txokoa—.
Beste berritasun bat: Jon Irazabalek aurtengoa izango du azkeneko urtea Durangoko Azokako zuzendari bezala. Gaur iragarri du hori Irazabalek berak, Durangon egindako aurkezpenean. Ez dute jakinarazi nork hartuko dion lekukoa.
Argizaiola saria Iñaki Beobideri (Zumaia, 1934) emango diote, Herri Gogoa disketxeko sortzaileari.
Galiziako kultura izango da 2011ko gonbidatua, eta aipamen berezia egingo diote Anton Reixa galiziar musikariari.
Abenduaren 4tik 8ra artean izango da aurten Durangoko Azoka, igandetik ostegunera. Berrehun ekitaldi baino gehiago egongo dira, eta 434 izenburu berri aurkeztuko dituzte —iaz 505—. Cristobal Aguilorena da aurtengo kartela.
Aurkezpenean izan dira Irazabal, Mertxe Mujika Gerediaga elkarte antolatzaileko zuzendaria, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea, Aitziber Idigoras Durangoko alkatea eta Roberto Fernandez Culturgalekoko kidea.