Liburu aurrerapena

Hiru gutun Iruñetik

Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) datorren asteazkenean aurkeztuko du Hiru gutun Iruñetik nobela berria (Pamiela). Gorrotoak, ba al du iraungitze datarik? Bi adiskide: Gabriel Arratibel eta Rafael Zubeldia ordiziarrak. Amildegi bat: gerra bilakatuko den soldadutza amaigabea. Amaigabea, bai, Francok gerra amaitutzat jo bazuen ere, Rafael Erronkarira preso eraman baitzuten, langile bataloietan esklabo kasik, errepide bat zabaltzera. Baina putre bat nola, halatsu dago Gabriel, San Kristobaleko gotorlekuan, Iruñean, denborak piztu baino egin ez duen gorrotoak hartua. Honako hauek dira liburuko pasarteetako batzuk.

FRANCISCO DE GOYA.
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
1939a zen. John Fordek Diligentzia filma estreinatu zuen urtea, edota Antoine de Saint-Exupééryk, Gizakien lurra nobelarekin, Frantziako Akademiaren saria eskuratu zuena. Lehenago, idazle frantsesa Espainiako Gerra Zibilean ibili zen kazetari. Bartzelonan. Madrilen. «Emakume sabelgabetuak ikusi ditut, haur desitxuratuak ikusi ditut, kalez kaleko atso saltzailea ere ikusi dut, salgaiak zipriztintzen zizkioten garun zatiak baztertzen».

1939a zen. Hitler eta Mussoliniren oldarraldiak Bigarren Mundu Gerra piztuko zuen urtea, edota Francok berea amaitutzat joko zuena. Apirilaren 1ean idatzi zuen gurutzadatzat zuenaren azken agiria, bere laburrean bi akats ortografiko zituena eta 1939ari GARAIPEN URTEA izena ematen ziona, edota III. URTE TRIUNFALA. Horrekin batera, eskuzabala izango zela hitz eman zuen, salbu eta odol delituak zituztenekin; erritu kristauarekin lur sakratuan hilobiratzea eskaini zien haiei.

Hala bada, 1939ko uztailaren 25ean, aurrena Irati treneko merkantzia bagoietan Irunberriraino eta kamioietan gero, ehundaka preso eraman zituzten Iruñetik Erronkari ibarraren izen bereko herrira. Txerrien pare metatuak, herritarrek zer ganadu mota ote zekarten galdegin zioten elkarri, edota igitariak, txerpolariak edo ijitoak ote ziren. Baina luze gabe fusildunen oihuetara lerrokaturik ikusi zituztenean, gizonilo haiek presoak zirela pentsatu zuten, besterik gabe, eta harridura asaldurarekin nahasi zitzaien denak eskolan bildu zituztenean, latako sardinen pare inondik ere.

Muga piriniarreko babesarako lanak egitera omen zetorren Langileen 127. Bataloi hura, eta Zaraitzu eta Erronkari ibarren arteko errepidea izango zuten lantegi, hala nola beste hainbat beharginek Lesaka eta Oiartzun, edota Eugi eta Irurita lotzen jardun beharko zuten. Alabaina, Langileen 127. Bataloiko 1. eta 2. konpainiak Bidankozera bidali zituzten urte hartako urrian, eta Igarira 3. eta 4. konpainiak, abenduan.

1939a zen eta John Forden Diligentzia filmak bi oskar lortu zituen: musika bandarena eta bigarren aktorearena. Eta laster ikusi ahal izango zen Espainiako zinemetan. Baina filmen aurretik pantailaratu ohi zuten NODOan kasik preso ez ziruditen presoei buruzko imajinak ikusi beharko ziren, eta, imajinekin batera, hitz hauek entzun: ««Aberriaren Lana, Ogia eta Zuzenbidearekin, presoak astiro-astiro ari dira berreraikitzen beraiek lehenago dinamitaz suntsitutakoa».

1939a zen eta, bi urte lehenago New York-Tierra de Fuego raidean egundoko hegazkin istripua izandako Saint-Exupéry kapitainak, kaskezurra eta sorbalda guztiz osatu gabe izan arren, Frantziako Tolosara destinatua izatea lortu zuen. Adinak —39 urte— eta osasun egoera maskalegiak kontrakoa agintzen bazioten ere, errekonozimendu misio gero eta arriskutsuagoetan jardun zuen Champagne probintzian: «Baina ez dago bat hiruren kontra borrokatzerik, hegazkin bat hamar edo hogeiren kontra, tanke bat ehunen kontra».

***

Langileen 127. Bataloiko 1. eta 2. konpainiakoek, hala moduzko dendetan egokituak —oinak kanpoan geratzen zitzaizkien—, Diligentzia filmeko indiarren kanpamenduen gisako bat osatzen zuten, baina anabasa hutsean. Zarpazikin, oin nekatuak herrestan, automaten pare eta eskolta soldaduengandik bereizten zituen txano zilindriko banarekin —gaztelaniazko langile hitzaren T inizialduna—, goizean goizetik turuta hotsera ibiltzen ziren: lerrokatu, zenbaketa amaigabeak egin eta, batik bat, pikotxa, pala, esku orga eta saskiekin, leher gaizto egin arte, errepidearen kaxa zabaltzen. 'Ekin, ekin, Espainia berriaren mandoak zarete eta!'.

Ofizial jendea Bidankozeko etxeetan ostatatu zen eta eskolta soldaduek mendian bertan geratu behar izan zuten, presoekin batera, zaintza lanetan. Otorduak ere haiekin egiten zituzten, baina betiere zerbitzatzen eta aukeratzen lehenak izaten ziren. Gainera, herrira jaisten zirenetan, hornidura biltegietarako sarbidea izaten zuten eta bai gozoa, esate batera, oliotan bustitako ogi xerra azukretan igurtzia jatea.

Presoak, baina, goseak hilik zeuden, hotzak akabatzen, eta izua zuten akulaitzaile bakar. Izu laborria. Egonaldiaren hastapenean, Ortuellako gazte bat zorabioak izaten hasi zen. 38 kilo pisatzen zuen eta, goizean zorabiatuz gero, arratsaldean berriro igotzen zuten errepidera; ongieza arratsalde partean egiten bazitzaion, hurrengo eguneko goizean igoko zuten. Amore eman gabe. Egun batez, ingeniari batek kaxaren ezpondan luze-luze eta arnasestuka ikusirik, Zangozara eraman zezatela agindu zuen. Hango sendagileak, halaber, Iruñera bidali zuen, baina handik gutxira hil zen, 34 kilorekin. Eta pasadizoa zirraragarria izango zen, eta lazgarria, baldin eta bakana izan balitz.

Beste batean, preso bat piku bat lapurtzen harrapatu zuten. Kideak bi ilaratan lerrokatu zituzten eta lapurrari, aurretik igaro ahala, belarrondoko bat ematera behartu. Sarjentu batek, preso baten zartakoari eskax iritzirik, eskugainaz berealdiko belarri izkinakoa eman zion. Belarria apurtu zion. Baina horrekin ere aski ez, eta kartel bat dilindan ipiniarazteko agindu zuen: «ESKULUZE IZATEAGATIK».

Herrian, presoengana ez hurbiltzeko esaten zitzaien haurrei: «Zorriak kutsatuko dizkizuete, edo ezkabia». Eta neskei debekatu egin zieten presoei begiratzea bera ere. Batik bat igandeetan, gizonak Binies errekan biluzik bainatzen zirenean. Baina luze gabe presoak herrira hurbildu behar izan zituzten, zeren euria hasi baitzuen, eta hotza, eta elurra, eta kanpamendua urpean geratu baitzen.

Erreka aldera, errotara jaisten zen kaleko hiru etxe huts baliatu zituzten: Aizagar, Bortiri eta Laskorna. Presoak seinakako taldeetan banatuak izan ziren, baina lotarako binaka egokitu behar: baten manta erabiltzen zuten lastategiko zoru gainean zabaltzeko, eta bestea biak estaltzeko eta elkar berotzeko. Eskolta soldaduak, ostera, beheko solairuan geratu ziren eta sua pizteko nahi bezainbeste egur zeukaten. Hala ere, ibili, denek ere turuta hotsera ibiltzen jarraitu behar izan zuten, berdin-berdin goizean goizetik: lerrokatu, zenbaketa amaigabeak egin eta, batik bat, leher gaizto egin arte, errepidea zabaltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.