Musika Hamabostaldia

Hiru obra estreinatuko dituzte Musika Garaikideko Zikloan

Silboberri txistu elkarteak Carmen Asenjo-Marrodanen Ad index Desconstruction II eta Lula Romeroren Uneindeutiges lanak aurkeztuko ditu, gaur, Kursaalean. Bihar, berriz, Xelo Giner saxofoi joleak Aurelio Edler-Copesek konposatutako Sssooooommmm estreinatuko du.

Mikel Chamizo, Aurelio Eder-Copes, Aitor Amilibia, Xalo Giner eta Patrick Alfaya, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
mikel lizarralde
2023ko abuztuaren 30a
13:31
Entzun

Jaialdiaren lehen txanpan bi kontzertu programatu ostean —Plural Ensemblek abuztuaren 6an eman zuen kontzertua, eta Noelia Rodiles, Elena Rey eta Jorge Montek osatutako hirukoak 12an—, gaur berrekingo dio Donostiako Musika Hamabostaldiak Musika Garaikideko Zikloari. Eta, hain zuzen ere, hiru obraren estreinaldiarekin emango dio amaiera Donostiako aurtengo eskaintzari.

Silboberri txistu elkarteak bost pieza interpretatuko ditu, gaur, Kursaaleko erabilera anitzeko aretoan, eta horietako bi erabateko estreinaldiak izango dira: Carmen Asenjo-Marrodanen Ad index Desconstruction II eta Lula Romeroren Uneindeutiges. Bi estreinaldi horiez gain, beste hiru pieza ere interpretatuko ditu Aitor Amilibiak (txistua), Josean Hontoriak (akordeoia) eta Santiago Pizanak (perkusioa) osatutako hirukoteak: Jesus Etxeberriaren Akasel, Mercedes Zabalaren Bizpahiru ezbai eta Jose Maria Sanchez-Verduren Zuria III. Etxeberriaren obra Lesakako zubigaineko zortzikoan oinarrituta dago, Amilibiak adierazi duenez, «baina ez da obra klasiko bat, Etxeberriak bere erara moldatu baitu». Sanchez-Verduren piezak, berriz, lotura zuzenak ditu Eduardo Txillidaren filosofiarekin: «Bloke trinkoak proposatzen ditu».

Bihar, berriz, Xelo Giner saxofoi jotzaile kataluniarrak beste obra bat estreinatuko du Musika Hamabostaldian, Aurelio Edler-Copes konpositore brasildarraren Sssooooommmm. Giner Edler-Copesen musika elektronikoak lagunduta ariko da kontzertuan, eta azken horrek azaldu du sistema analogikoko pedalekin lan egingo dutela zuzenean, bi gitarra anplifikadorerekin, hain zuzen ere. «Alderdi gizatiarra eta mekanikoa fusio batean batzea da» asmoa, konpositoreak adierazi duenez. «Ez da izango aurrez grabatutako soinurik, eta pedalen bitartez, espazializazioa lortzea izango da helburua. Mantra baten gisakoa lortuko dugu entzulea soinuan bertan sartuta». Obraren izenburuak berak (Sssooooommmm) helburu hori adierazten du, Edler-Copesen arabera: «S letrak airea ordezkatzen du; o letrak, tonua; eta m-ak, oihartzuna».

Ikusi gehiago:Beethovenen eta Haydnen doinuek itxiko dute 84. Musika Hamabostaldia

Obra berri horrez gain, Ginerrek beste sei lan emango ditu biharko kontzertuan: Gyorgy Kurtagen Signes, Games and Messages, Carlos David Peralesen Butho, Isabel Latorreren Sainth Wich, Carlos David Peralesen Sola, Mikel Chamizoren Titanio eta Miguel Angel Berbisen Eixe sentiment...quan plou. Pieza horietako lehenengo laurek adierazkortasun emozionala transmitituko dute, Ginerrek azaldu duenez, eta gainerako biek eta Edler-Copesenak, berriz, «alderdi gizatiarren eta mekanikoen arteko harremana».

Ez da biharkoa Ginerrek obra horiek interpretatuko dituen aurreneko aldia. Latorrerena, esaterako, 2022an eman zuen ,Valentzian (Herrialde Katalanak), emakumeei eskainitako kontzertu batean, konpositorearekin eskuz esku lan egin ondoren. Gaur azaldu duenez, Erdi Aroko musikan du oinarria obrak, eta bere ahotsaren bitartez sortutako efektuak ditu ardatz, «beti saxofoiaren hodiaren barruan sortzen direnak». Sainth Wich, gainera, Maya Deren zinemagile ukrainar esperimentalaren (Kiev, 1917-New York, 1961) irudiek lagunduta interpretatuko du Ginerrek.

Musikagile eta interpreteen topaketa

Aurten lehen aldiz, musika garaikidean lanean ari diren konpositore eta interpreteen topaketa bat jasoko du Musika Hamabostaldiak. Musika Bulegoak antolatu du, eta bihar izango da, Ginerren eta Edler-Copesen kontzertuaren aurretik. «Egitasmo aitzindaria izango da Euskal Herrian», azaldu Mikel Chamizo konpositore eta Musika Bulegoko ordezkariak, «konpositore eta interpreteen arteko networking bat». Chamizok denbora darama bai Euskal Herrian eta bai atzerrian lanean, eta, haren iritziz, hemengo sorkuntza garaikidea «instituzionalizatua» dago. «Hemen, oro har, konpositoreek instituzioen eskaeren arabera egiten dute lan, baina beste herrialde batzuetan, ordea, sareak biziagoak dira. Lan egiteko espazioak daude».

Sorkuntza sustatzeko asmoz, 30 bat konpositore eta interprete bilduko dira ordubetez, «batzuek besteen berri izan eta aurrerago lan egiteko oinarriak jar ditzaten». Horri lotuta, Musika Bulegoak sormena sustatzeko hiru diru laguntza bideratuko ditu, biharko topaketan sor daitezkeen lankidetza harremanak bultzatzeko xedez. «Gainera, hainbat belaunalditako sortzaile eta interpreteak elkartu nahi ditugu: bai gazteak, bai ibilbide bat dutenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.