Ez da gauza berria: gutxik dute arrakasta beren herrian, eta sarritan, artistak gehiago baloratzen dira kanpoan, etxean baino. Garrantzitsua da bertako talentuak ezagutaraztea, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariaren iritziz. Ez hori bakarrik: «betebehar morala» iruditzen zaio Alfayari haien «garapena bultzatzea».
Oraingoan, hiru soprano gipuzkoarrek jasoko dute bultzada etxean: Elena Barbe eta Arantza Ezenarro donostiarrek eta Helena Orkoien tolosarrak. Hirurak ere sari ugari jasotakoak dira. San Telmo museo zaharberrituan egingo den lehen ahots errezitaldia emango dute. Astelehenean izango da, 22:00etan, eta, Ezenarrok zehaztu duenez, klaustroko patioan kantatuko dute, baldin eta euririk egiten ez badu. «Kasu horretan, elizan egingo genuke kontzertua». Kezka bera azaldu du Alfayak ere: «Ikusi egin behar euria egiten badu zer egin dezakegun».
Sopranoek banaka abestuko dute emanaldian, baina guztiek emango diote tarte berezia Jesus Guridiri, aurten jaialdia omentzen ari den konpositore gasteiztarrari. Horrez gain, Leo Delibes, Amadeo Vives, Jacques Offenbach eta Georg Friedrich Haendelen obrak abestuko dituzte, besteak beste. Borja Rubiños piano jotzailearen laguntza izango dute: Donostiako eta Tolosako Orfeoietan eta Euskadiko eta Nafarroako orkestra sinfonikoetan laguntzaile gisa jarduten du Rubiñosek, eta soprano gazteen emanaldian pianista gisa aritzea beretzat «oso pozgarria» dela azpimarratu du.
Hiru protagonistak ere «esker onez eta gogoz» hartu dute kontzertua. Barbe eta Ezenarrori, gainera, prestaketa gisa ere balioko die. Izan ere, asteleheneko errezitaldiaz gain, bakarkako kontzertu bana emango dute Hamabostaldiaren barruan. Ezenarrok abuztuaren 25ean kantatuko du, Azkoitiko Insausti jauregian, Itziar Barredo pianistarekin batera. Barbek, berriz, abuztuaren 26an, Hondarribiko Carlos V ostatuan, berriz ere Rubiñosek pianoan lagunduta. Etziko errepertorioa kontzertu horien «aurrerapena» izango dela iragarri dute; alde horretatik, kontzertuak euren bakarkako saioetara jendea erakartzea espero dute. «Jendea animatzeko modu bat izan daiteke, ikus dezaten ez direla aspertuko banakako emanaldietan», esan du Barbek. Ezenarrok adierazi du «oso interesgarria» izango litzatekeela hirurek batera kantatzea, baina ez dutela «tarterik izan» hirurontzako errepertorio bat osatu eta prestatzeko, besteak beste «geografikoki banatuta» daudelako.
Bestalde, hemendik aurrera San Telmo museoan ahots errezitaldi gehiago egiteko aukera egongo delakoan dago Alfaya, Hamabostaldiarentzat «izugarrizko aukera» baita haren ustetan «horrelako talentuak izatea».
'Romeo eta Julieta' Kursaalean
Gaur eta bihar, dantzazaleek Romeo eta Julieta ikuskizunaz gozatzeko beta izango dute, Genevako Antzoki Handiko Balletaren eskutik. Kursaal auditoriumean izango dira bi emanaldiak, 20:00etan. Sergei Prokofiev konpositore errusiarrak sortu zuen balleterako musika, 1934-35 artean, Shakespearek XVI. mendean idatzitako maitasun istorio tragikoa oinarri hartuta.
Donostiako 72. Musika Hamabostaldia
Hiru soprano gazte etxean kantari
Elena Barbe, Helena Orkoien eta Arantza Ezenarrok Guridi omenduko dute etzi San Telmo museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu